Gizartea -
Gertakaria
Bi lagun zauritu dira Pasaian izandako sute batean
Sutea 13:00 aldera piztu da Euskadi Etorbideko 31 zenbakiko bosgarren solairuan.
Erredakzioa
Gizon bat eta emakume bat zauritu dira, astearte honetan, Pasaiako etxebizitza batean piztu den sute batean. Gertakariaren ondorioz, Trintxerpeko lau atari hustu behar izan dituzte, Segurtasun sailak azaldu duenez.
Iturri berak argitu duenaren arabera, 42 urte dituen gizonak erredurak ditu bi eskuetan, eta 46 urteko emakumeak kea arnastu du. Biak Donostia Ospitalera eraman dituzte.
Sutea 13:00 aldera piztu da Euskadi Etorbideko 31 zenbakiko bosgarren solairuan. Suhiltzaileak, Ertzaintza, Udaltzaingoa eta hainbat anbulantzia gertakaria izan den helbidera gerturatu dira.
14:00 aldera, suhiltzaileek sutea kontrolpean zuten, baina oraindik ere bertan dira hainbat etxebizitzetako estalkiak arretaz begiratzen.