Gizartea -
Iragarpena
Ateri egon liteke Errege Magoei harrera egiteko
Igandean zehar, euria egiteko aukera gero eta txikiagoa izango da, orduak aurrera joan ahala. Indarrean jarraituko dute olatuen eta 100 km/h baino gehiagoko haize-boladen abisu horiek.
Erredakzioa
Ateri egon liteke, euririk gabe, Errege Magoei harrera egin ahal izateko urtarrilaren 5eko arratsaldean, Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak bere webgunean argitaratuta duen eguraldiaren iragarpenak azaltzen duenez. Prezipitazoak egoteko aukera gero eta txikiagoa izango da, orduek aurrera jo ahala, eta, hortaz, baliteke egunaren bigarren zatian euritakorik erabili behar ez izatea. Hori bai, bi abisu hori egongo dira indarrean, igande osoan: olatuek eragindakoa, kostaldean, eta 100 km/h baino gehiagoko haize-boladek sorrarazitakoa, Arabako eta Bizkaiko mendi-inguruetan eta Bizkaiko itsasaldean. Olaturik altuenen batezbesteko altuera 4-4,5 metrokoa izango da eguerdira arte, eta 3-3,5 metrokoa arratsaldean eta gauean. Haizearen abisuak astelehen goizera arte jarraituko du gurean; olatuena, aldiz, astearte eguerdira arte behintzat ez dute indargabetuko.
Hortaz, igandean, orduak aurrera joan ahala, eguraldiak hobera egingo du. Goizean giro goibela izango dugu eta euria egingo du tarteka. Baina eguerditik aurrera atertzera egingo du eta hodeien artean urdina azaltzen hasiko da. Haizea hego/hego-mendebaldetik etorriko da beste egun batez, eta termometroak gorako bidean hasiko dira.
Astelehenean, hego-haizeak aginduko du berriro ere. Eguraldiak jada ohikoa den itxura hartuko du. Hego-haizea zakar ibiliko da, lainoak ugariak izango dira eta euri apur bat egingo du tarteka. Tenperatura nahikoa balio epeletan kokatuko da eta beroenak 15 ºC-tik gora kokatuko dira kantauri isurialdean. Arratsaldean ilunago geldituko da giroa, baina goizean ostarteren bat ere ikusteko aukera izango dugu.
Eta asteartean, aldaketa gutxi. Eguraldia aurreko egunekoaren oso antzekoa izango da; hodei asko, ostarteren bat eta noiznahi eta nonahi tantaren bat edo beste. Tenperatura 15 ºC inguruan kokatuko da kantauri isurialdean eta 10 ºC-ren bueltan hegoaldean. Haizea hegoaldetik etorriko da eta zakar joko du tarteka.