Gizartea -

Larrialdietan kolapsoa

Satse: 'Aurrezteko erabakiek kolapsora eraman dituzte larrialdiak'

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, bestalde, ukatu egin du Osakidetzako erietxeak kolapsatuta egotea.

Satse sindikatuak egindako protesta ekintza bat. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Satse
Satse sindikatuak egindako protesta ekintza bat. Artxiboko irudia. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Satse erizainen sindikatuak Osakidetzak “aurrezteko hartutako neurriek” larrialdi-zerbitzuak “kolapsora” eraman dituela adierazi du. Sindikatuaren arabera, Euskadin dagoen gripe epidemiak euskal erietxe “ia guztien” larrialdi- zerbitzuetan eragin du.

Oharra kaleratu du Satse sindikatuak eta Larrialdian “saturazioa” Osakidetzak onartu dituen “neuri ekonomikoen” ondorio direla adierazi du. “Besteak beste, oheak itxi ditu eta langileen kontratazioa murriztu du”, azpimarratu du.

“Osasun sailak erabateko aurreikuspen falta du”, salatu du sindikatuak. “Arazoa lehertu denean, itxita zituen unitateak ireki behar izan dituzte eta langileak kontratatu, horrek profesionalengan eta gaixoengan duen eraginarekin”, esan du.

Sindikatuaren aburuz, “Osakidetzak Gabonetako bi asteetan osasun zentroetako egunerokoak itxi ditu eta aurrezteko asmoz, ez ditu oporretan zeuden profesionalak ordezkatu. Ondorioz, erietxeetako larrialdi zerbitzuetako gaixoen kopurua handitu egin da”.

“Egoera honetan” erizainek egiten duten lana azpimarratu du Satsek eta “gainkarga egoerak” dituztela salatu du. “Gaixoak korridoreetan daude eta itxaronaldi luzeak egin behar dituztenez, ezin dute egonaldi duina izan”, adierazi du oharrean.

Erizainek duten ardura ere aipatu du sindikatuak “akats larriak gerta baitaitezke”. “Artapenak baldintza txarretan egiten dira eta horrek gaixoarengan ondorioak izan ditzake”, amaitu du.

Kolapsoa ukatu du Jaurlaritzak

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, bestalde, ukatu egin du Osakidetzako erietxeak kolapsatuta egotea.

Jon Darponek zuzentzen duen sailak gogoratu duenez, urtero garai honetan gripeak “indarra” hartzen du eta osasun etxeetako artapenak eta erietxeetako ospitaleratze-egunak “nabarmen hazten” dira.

“Osakidetzak asteak daramatza erietxeak beharrezkoak diren baliabide guztiekin hornitzen, eta horrela egingo du gripe epidemiak jarraitzen duen bitartean eta beharrezkoa den guztietan”, adierazi du Osasun Sailak.

Osasun arloko profesionalen lana eta herritarren “ulermena eta laguntza” eskertu ditu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea