Gizartea -
Epaiketa
Haurra 'mendekuagatik' hil zuela uste du Aicharen amak
Haurraren amak epaiketan adierazi duenez, “ez zuen uste bere bikote ohiak haurrari minik egingo zionik, asko maite baitzuen eta oso ondo zaintzen baitzuen”.
Erredakzioa
Zarautzen hilda agertu zen Aicha neskatoaren amak epaiketan adierazi duenez, “ez zuen uste bere bikote ohiak haurrari minik egingo zionik, asko maite baitzuen eta oso ondo zaintzen baitzuen”. Hala ere, “berain arteko harreman txarra” kontuan izanik “haurra mendekuagatik” hil zuela uste du amak.
Errumaniar jatorriko emakumeak 2010. urteko urriaren 7an Zarauzko hondartzan hilik topatu zuten neskatoaren auziaren hirugarren sesioan deklaratu du. Aita da akusatu nagusia eta alaba itsasora bota izana egozten diote.
Haurraren amak azaldu duenez, marokoar jatorriko akusatua 2007an ezagutu zuen. Hasieran “harreman ona” zuten, nahiz eta “tratu txarrak laster hasi ziren, zelo handiak baitzituen”. Tratu txarrengatik salaketa jarri zuen eta epaileak babesa jarri zion arren, berriz ere berekin bizitzera joan zen.
Azpimarratu duenez, “urriaren 5ean Aicha aitarekin utzi nuen, Eibarren alokatuta nuen etxean”. Hori baino lehen, eztabaida izan omen zuten eta akusatuak hil egingo zuela esan zion, baita Euskaditik alde egiteko ere.
“Hurrengo egunean bost edo sei aldiz hitz egin nuen aitarekin. Urduri nabaritu nuen, bazirudien edan egin zuela”, esan du amak. “Azken aldiz hitz egin genuenean ondorengoa esan zidan: Ikusiko duzu, amaiera zoriontsua izango duzu”.
Zarauzko hondartzan haurra itota agertu zenean haurraren aitak esandakok ez zituela sinetsi esan du. Haren esanetan, Montetxio parkean, aire librean, biak lotan zeudela desagertu zen alaba. Amak, “ezinezkotzat” jo zuen alaba ilunpetan hondartzara joatea.
“Ez dut sekula sinetsi”, esan du. “Epaitegian haurra hondartzara bakarrik joateko gai zela esateko konbentzitu nahi izan ninduen akusatuaren familiak”, gaineratu du.
2011ko maiatzean preso bat berekin harremanetan jarri zela adierazi du Aicharen amak. “Hark esan zidanez, nire bikote ohiak beldurragatik esan zion gezurra Ertzaintzari, eta benetan malekoian lo egin zuen alabarekin”. Bertsio hori ez zuela sinetsi azpimarratu du.
Defentsak berriz, gertaera izan eta zazpi hilabetera haurraren amak akusatuari bidali zion eskutitza irakurtzeko eskatu du. Bertan jasotzen denez, “haurraren amak barkamena eskatu zion akusatuari eta epaitegian egia esan zuela azpimarratu zuen, hau da, aitak haurrarekin malekoian lo egin zuela”.
Ohikoa ez den erreakzioa
Kasuaren ikerketa zuzendu duen Ertzaintzako buruak ere deklaratu du gaurko sesioan. Adierazi duenez, “ikerketak iraun duen urte betean akusatuak ez du inoiz aipatu haurrarekin malekoian lo egin zuenik”. “Haurraren hilotza agertu zenean, gainera, aitaren erreakzioa ez zen ohikoa izan”, azpimarratu du. “Garrasi egin zuen eta keinu asko egin zituen, baina bi minutuz soilik. Ondoren lasaitu egin zen, elkarrizketa bat mantentzeko adina, eta hori zaila izaten da ‘shock’ egoeran daudenekin”, esan du.
Haurra zapatarik gabe aurkitu zutela gaineratu du. “Zapatak aitaren motxilan zeuden eta neskatoaren galtzerdiak erabat garbiak zeuden, oinazpiak ez zeuden zikinak. Haurra mendik bakarrik jaitsi izan balitz, zikinduta egon ziren”, gaineratu du.
Gaurko epaiketan gertakariak izan ziren egunean lanean aritu zen ertzain batek ere deklaratu du. “Bertaratu ginenean zerbait arraroa nabaritu genuen aitaren jarreran eta adierazpenetan”, esan du.
“Itxurazkoa zirudien. Negar egin nahi zuela zirudien, baina ezin zuen. Ez zen koherentea esaten zuen gauzetan. Ez zirudien blokeatuta zegoenik. Gauza bakarrak arduratzen zuen: diru-zorroak. Haurra, agian, emakumea izorratzeko ezkutatu zuela pentsatu nuen. Ez zegoen edanda. Gezurretan ari ote zen? Ez dakit ze hitz erabili. Haurra falta duen pertsonak ez du horrelako jarrera”, esan du besteak beste ertzainak.