Gizartea -
Erasmus bekak
Erasmus egonaldia sei hilabetera jaistea babestu du Bruselak
Espainiako Gobernuak egindako aldaketa horrek bekak jende gehiagorengana iristea ahalbideratuko du, Europako Batzordearen arabera.
Erredakzioa
Erasmus egonaldiak sei hilabetera mugatzeko Espainiako Gobernuak hartutako erabakia babestu du Europako Batzordeak. Horren iritziz, aurrekontuan murrizketa egongo bada ere, aldaketa horri esker unibertsitateko ikasle askok jasoko dute beka. Erasmus egonaldiaren batez besteko iraupena sei hilabetekoa da Europar Batasunean, Bruselaren arabera.
Aurrekontuan murrizketak egonagatik ere, "Erasmus ikasleak mantentzeko Espainiako Gobernua egiten ari den ahalegina" goraipatu du Dennis Abbott Europako Batzordeko Hezkuntza bozeramaileak.
"Ahalik eta ikasle gehienengana iristeko helburuarekin, batez besteko egonaldiaren iraupena murriztea egokia dela dirudi", nabarmendu du. Halaber, Espainiak malgutasuna izateko erakutsi duen konpromisoa goraipatu du: "Ikasleek egonaldia luzatzeko aukera izango dute, beren ikasketetarako beharrezkoa dela arrazoitzen badute".
2011-2012 ikasturtean Espainiako Erasmus ikasleen batez besteko egonaldia 8 hilabetekoa zen, Europar Batasunean, berriz, 6,3 hilabetekoa. Erasmus bekaren baitan, atzerrian praktikak egin zituzten ikasleen batez besteko iraupena 3,8 hilabetekoa izan zen, Europako batez bestekoa baino 0,5 hilabete gutxiago.
Espainiak batez beste 250 euro ematen dizkie Erasmus beka jasotzen duten ikasleei, diru kopuru hori handiago edo txikiagoa izan daiteke helmugako herrialdearen bizi mailaren arabera. Dena den, Espainiako Erasmus ikasleek italiarrek eta herbehereetakoek baino diru gehiago jasotzen dutela nabarmendu du.
Espainiak Erasmus bekari dagokion aurrekontua % 4,3 igoko du 2014an, 53,4 milioi euro guztira.