Gizartea -

Denboralea

Kalteei aurre egiteko laguntzak aztertzen ari da Eusko Jaurlaritza

Lehendakariak esan duenez, Jaurlaritza denboraleak euskal kostaldean eragindako kalteak konpontzeko lanean ari da, eta erakundeak "koordinatuta" ari direla lanean, ondorioei aurre egiteko.

Bermeo, gaur. Argazkia:EFE
Bermeo, gaur. Argazkia:EFE
Lehendakariak airetik ikusi ditu denboraleak utzitako kalteak

6:06

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak esan duenez, Jaurlaritza lanean ari da denboraleak euskal kostaldean eragindako kalteak konpontzeko, eta nabarmendu egin du erakundeak "koordinatuta" ari direla lanean, ondorioei aurre egiteko.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramalearekin, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuarekin eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiarekin batera, Urkullu Bermeon izan da, kalte handiak pairatu dituen herrietako bat. Bertan, "prebentziorako neurriak betetzeko" eskatu die herritarrei "segurtasuna garrantzitsua" delako. Ondoren, kostaldeko beste herri batzuetan ere izan da.

Hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, lehendakariak jakinarazi du Jaurlaritza lanean ari dela dagoeneko kalte gehien izan duten lekuetan konponketak egiten. "Bermeoko portuan eta Orioko kai-muturrean lanean ari gara, kalte handiak izan dituztelako. Baina baita Donostian, Lekeition ere eta, orokorrean, euskal kostalde osoan", gaineratu du.

Halaber, herritarrei "zuhurtziaz" jokatzeko eta "segurtasun neurriei lotutako araudiak eta erakundeen eskaerak" betetzeko eskatu die, "arratsaldeko itsasgorari begira izan litezkeen arriskuak ekiditeko".

Bizkaiko Aldundiak Saihesbidean lan egin ohi duten hiru makina Bermeora mugiarazi ditu, kai-muturra konpontzen lagun dezaten. Gainera, suhiltzaileetako zenbait talde ere kostaldeko herri horretan bertaratu dira portua babesten duen kai-muturra konpontzen laguntzeko, olatuek kalte handiak eragin dizkiote eta. Gainera, Muskizen eta Lemoizen ere lanean izan dira suhiltzaileak.

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak gogorarazi egin duenez, Aldundiak "segurtasun protokolo guztiak" martxan jarri zituen atzo eta "suhiltzaileak gau osoan izan dira lanean", hori esker "ez da kalte handiagorik izan".

Bestalde, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak iragarri duenaren arabera, Eusko Jaurlaritza denboraleak astindutako herrientzako diru-laguntzak ematea aztertzen ari da "kalte handiak" izan direlako.

Sailburua, Martin Garitano eta Juan Karlos Izagirre pozik azaldu dira denborale zakar honek biktimak eragin ez dituelako.

Segurtasun sailburuak jakinarazi duenez, itsas denboraleak eragindako kalteei aurre egiteko laguntzak aztertzen ari da Eusko Jaurlaritza. Olatuek kalte handiak utzi dituzte euskal kostalde osoan; Donostian eta Bermeon izan dira txikizio handienak.

Egoera berria aztertzeko, denboraleak kalte gehien utzi duen lekuetan egon da gaur goizean Beltran de Heredia.  Bere esanetan,  horrelako egoerek begi-bistan utzi dute alertak eta alarmak aurreikusteko sistema propio bat izateak duen garrantzia, larrialdi egoerei ahalik eta modurik eraginkorrenean aurre egin ahal izateko.

"Aurreikuspenak oso zehatzak izan dira", esan du eta horri esker "erakundeen arteko elkarlana" ongi bideratu dela eta "neurri egokiak" hartu direla esan du sailburuak.

Alerta, alarma eta abisu deiak daudenetan, arduraz jokatzeko deia egin die herritarrei.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea