Gizartea -

Denboralea Iparraldean

Olatuek Hendaiako pasealekuaren kontra gogor egin dute

Olatuek Ondarraitz hondartzako pasealekuan dagoen txosna bat errotik atera eta atzean dauden etxeen kontra bota dute.

Hendaian ere ez dute denborale honen neurrikorik gogoratzen. Argazkia: EiTB
Hendaian ere ez dute denborale honen neurrikorik gogoratzen. Argazkia: EiTB
Olatu erraldoi batek kalte handiak eragin ditu Hendaian

1:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herria astindu duen itsas-denboraleak eragina izan du Ipar Euskal Herriko kostaldeko herrietan ere bai, kalte larriak eraginda, Hego Euskal Herrian bezala.

Olatu handiek Ondarraitz hondartzako pasealekuan dagoen txosna bat errotik atera eta atzean dauden etxeen kontra bota dute, kalte larriak eraginda. Urak komunak hartu ditu, erabat kaltetuz.

Biarritzen eta Donibane Lohitzunen olatuek zenbait hoteletako beirateak apurtu eta beheko solairuetan, lokaletan... sartu dira.

Baionan, esaterako, ibaiak gainezka egin du eta zenbait etxe eta eraikinetan ura sartu da, baina triskantzarik eragin gabe.

Gainera, hondartzetan sartzea galarazi dute, bada-ezpadako neurri bezala eta orain suhiltzaileek ura eraikinetatik ateratzeko ordua da.

Euskal kostaldea alarma gorrian egon da 03:00etatik 09:00etara olatu handien arriskuagatik, zazpi metrotik gorako olatuak eta marea biziak espero baitziren, unerik larriena 05:00etan izan da, itsasgoran.

Iragarrita zegoen bezala, itsasoaren aspaldiko zakarraldirik handiena izan da bart euskal kostaldean. Kalterik handienak Donostian eta Bermeon eragin ditu; Alderdi Ederren, Kontxako eta Salamankako pasealekutan baranda zatiak apurtu dira, eta Santa Katalinako zubiaren zati bat ere eraman du itsasoak, Bermeon kai-muturrarekin egin duen bezala.

Bermeo, gogor astinduta

Euskal kostaldea asteburu osoan astindu duen itsas-denboraleak kalte larriak eragin ditu zenbait herritan, bereziki Bermeon.

Herri bizkaitarrean, kai-muturreko zati batzuk erori dira, Segurtasun Sailak zabaldu duenez.

Bermeon ere bai, itsasontzien zirkulazioa etenda egonda, sei itsasontzi hondoratu dira eta arrantzaleen zenbait lokal urak hartuak izan dira.

Donostian kalte handiak

Donostia izan da olatuen eragina gehien jasan duen lekua, bertan Urumea ibaiak gora egin du nabarmen, olatuengatik, eta Kursaaleko, Maria Cristina eta Mundaiz zubiak itxi behar izan dituzte. Santa Catalinakoa da zabalik dagoen bakarra.

Soraluze eta San Juan kaleko bi etxebizitzetako beheko solairuko bizilagunak aterarazi dituzte, eta Udalak gaua pasatzeko leku bat eskaini die.

Alde Zaharrean, urak metro eta erdiko altuera hartu du; ura Salamanca pasealekura, eta Aldamar eta Abuztuak 31 kaleetara heldu da.

Laguntzak eta konponketa lanak

Iñigo Urkullu lehendakariak esan duenez, Jaurlaritza lanean ari da denboraleak euskal kostaldean eragindako kalteak konpontzeko, eta nabarmendu egin du erakundeak "koordinatuta" ari direla lanean, ondorioei aurre egiteko.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramalearekin, Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuarekin eta Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiarekin batera, Urkullu Bermeon izan da, kalte handiak pairatu dituen herrietako bat. Bertan, "prebentziorako neurriak betetzeko" eskatu die herritarrei "segurtasuna garrantzitsua" delako. Ondoren, kostaldeko beste herri batzuetan ere izan da.

Segurtasun sailburuak, bestalde, jakinarazi duenaren arabera, itsas denboraleak eragindako kalteei aurre egiteko laguntzak aztertzen ari da Eusko Jaurlaritza. Olatuek kalte handiak utzi dituzte euskal kostalde osoan; Donostian eta Bermeon izan dira txikizio handienak.

Egoera berria aztertzeko, denboraleak kalte gehien utzi duen lekuetan egon da gaur goizean Beltran de Heredia. Bere esanetan, horrelako egoerek begi-bistan utzi dute alertak eta alarmak aurreikusteko sistema propio bat izateak duen garrantzia, larrialdi egoerei ahalik eta modurik eraginkorrenean aurre egin ahal izateko.

Elurraren eragina

Segurtasun Sailak Araba eta Gipuzkoako 15 mendatetan arretaz gidatzeko eskatu du, izotza eta elurragatik, baina denak zabalik daude.

Segurtasun Sailak abisu horia mantenduko du gaur eguerdira arte.

Elur kota 600 metro ingururen bueltan izango da, baina arratsaldean 1.000 metro ingurutan kokatzea espero dute.

Arretaz gidatzeko eskatu duten mendateen zerrenda (Araba): Bernedo, Salinas, Gasteiz, Aiurdin, Altube, Azazeta, Garate, Kurtzeta, Opakua, Orduña eta Zaldiaran; eta (Gipuzkoan) Deskarga, Etxegarate, Lizarrusti eta Bidania.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea bideoak Denboraleak bideoak Eguraldia Donostia Gizartea Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Iparraldeko kostaldea albisteak