Gizartea -
Denboralea Euskadin
Alerta laranja larunbaterako, haizeagatik eta olatuengatik
Air France konpainiak Parisetik aireratu behar zen hegaldi bat bertan behera utzi du haizea dela eta. 22:00ak aldera Loiuko aireportuan lur hartu behar zuen.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatu du ostiraleko 21:00etatik larunbateko 9:00etara ageriko tokietan eta itsas bazterreko arriskuengatik larunbateko 15:00ak eta 00:00ak bitartean, olatu handiak iragarri dituztelako.
Euskal Meteorologia Agentziak azaldu duenez, hurrengo egunetan depresioak eratuko dira Ozeano Atlantikoan eta haize bortitza, hegoaldekoa batik bat, eta olatu handiak ekarriko dituzte Euskal Herriko kostaldera. Aitzitik, prezipitazio eskasak eta tenperaturak leunak izango dira, eta, horrenbestez, ez da elurte handirik espero.
Air France konpainiak Parisetik aireratu behar zen hegaldi bat bertan behera utzi du haizea dela eta. 22:00ak aldera Loiuko aireportuan lur hartu behar zuen.
AENAko iturriek jakitera eman dutenez, Bizkaiko aireportutik larunbat honetan Frantziako hiriburura bidean aireratu behar zen hegaldia bertan behera geratu da arrazoi berdinagatik.
Ondorioz, otsailaren 7an eta 8an, hego-mendebaldeko haize bortitza izango da. Baliteke 120 km/h-tik gorakoa izatea ageriko zonetan, batez ere mendebaldeko mendi inguruetan, eta 80 km/h-tik gorakoa agerikoak ez diren mendebaldeko zonetan. Hala ere, larunbat eguerditik aurrera indarra galduko du.
Olatuei dagokienez, larunbatean eta igandean 7-8 metro artekoak izan daitezke, 19-20 segundoro. Dena den, kontuan izan behar da olatu handiek ez dutela itsasaldi biziekin bat egingo eta itsasoaren maila 3,5 metrotatik beherakoa izango dela.
Alerta horren aurrean, Donostiako Udalak Salamanka pasealekua (larunbateko 15:00etatik aurrera) eta Zurriolako zubia (20:00etatik aurrera) itxiko dituela jakinarazi du.
Donostiako Udalak esan du Udaltzaingoa jakinaren gainean izango dela, zubia aurretik ixtea beharrezkoa bada. Horrela, Leizaola pasealekua, Pasealeku Berria eta Kursaaleko terraza itxiko dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Bermeoko portuko defentsa indartzeko lanetan jarraitzen du, harrizko bloke handiak ezarriz. Horrela, Frantxua eta Portuzaharra guneetan olatuak egin dezakeen kaltea ekidin nahi dute. Azpiegitura saileko zuzendariek peritazio, ebaluazio eta berreraikuntza lanetan jarraitzen dute, Gipuzkoan eta Bizkaian.
Portu zaharreko horma apurtu egin zen eta hormigoizko 35 blokerekin estali dituzte, 22 tona artekoak. Bilboko Portutik eraman dituzte eta "olatuen energia ezabatzea" dute helburu, portura ez sartzeko.
"Luno"ko brankako erregaiaren ponpaketa hasteko lanak, larunbatean
Smit Salvage Holandako konpainiak arratsalde honetan hasteko asmoa zuen "Luno" Bizkaiko ontziaren brankako erregaiaren ponpaketa. Luno Angleteko (Frantzia) hondartzan dago, denboraleagatik hiru zatitan puskatu ostean.
Halere, arazo tenikoak direla eta, itsasgorarekin ezin izan dutenez, ez dute erregairik atera. Larunbat honetan, 14:00etan, saiatuko dira berriro.
Gobernu zentralak 17 milioi jarriko ditu
Bestalde, Luis Aguilera Espainiako Barne Ministerioko idazkariordeak esan du Rajoyren Gobernuak 17 milioi euro bideratuko dituela denboralearen kalteak konpontzera eta, horietatik 15, Gipuzkoako txikizioa konpontzeko erabiliko dituela.
Aguilera Donostian izan da gaur, iragan asteburuko denboraleak eragin zituen kalteak ikusteko.
Zurriolako txikizioaren inguruan, kaltea "handia" dela azpimarratu du Aguilerak.
Denboralearen ondorioak aztertu eta kalteen aurreneko balantzea egingo dute gaur Ministroen Bileran.