Gizartea -

112ren nazioarteko eguna

112k milioi bat dei baino gehiago erantzun zituen Euskadin 2013an

Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, 169.000 gertakari konpondu ahal izan ziren. Halaber, Estefania Beltran de Herediak Segurtasuneko Gida Operatiboa aurkeztu du.

Larrialdiak 112. Argazkia: EiTB
Larrialdiak 112
Gipuzkoako DYA elkarteak 40 urte bete ditu gizarteari laguntzen

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren mendeko Larrialdiei aurre egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzari atxikitako 112 telefonoa Euskal Autonomia Erkidegoko larrialdien adierazle bikaina izan da, Segurtasun Sailaren arabera. 2013an, 1.145.000 dei erantzun zituen (1.300.000, 2012an) eta 169.000 gertakariri aurre egin zien (164.000, 2012an), gehienak bide publikoko arriskuen, larrialdi medikoen, pertsonen istripuen, herri-segurtasunaren eta zirkulazioaren gainekoak.

Hala bada, 2013an artatutako gertakarien (169.000) % 22,04 bide publikoko arriskuei lotutakoak ziren, % 20,73 larrialdi medikoen gainekoak, % 15,02 pertsonen istripuen gainekoak, % 14,59 herri-segurtasunen gainekoak eta % 12,62 zirkulazio-istripuen gainekoak.

Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak larrialdi-deiak erantzuteko eta kudeatzeko ardura duten SOS Deiaken Koordinazio-zentroek egindako lana goraipatu du. "Duela gutxiko itsasertzeko gertakarietan ikusi ahal izan dugu zein garrantzitsua den SOS Deiak, larrialdi guzti-guztiei aurre egiteko eta konponbidea emateko", adierazi du.

DYAren 40. urtemuga

Ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Sailak Gipuzkoako DYAk egindako lanari behar bezalako errekonozimendua eskaini dio, balioa aitortuta, lehen 40. urtemugara iritsi denez.

Urte horietan guztietan, Gipuzkoako DYAk, zirkulazio-istripuetako biktimei arreta eskaini die modu desinteresatu eta altruistan, Juan Antonio Usparitza sortzailearen xedea betez. Hala, 250.000 osasun-artaldi eta 50.000 gizarte-artaldi gauzatu ditu, 25.000 ekitalditan baino gehiagotan prebentziozko segurtasun-arreta eskainiz.

Era berean, Gipuzkoako DYA Euskadiko hondamendi garrantzitsuenetan izan da (1983ko uholdeak, 1985eko elurteak, Oiz mendiko hegazkin-istripua...) Gainera, 2003az geroztik, nazioartean ere aritu da, Irango, Haitiko eta Peruko lurrikaretan edo Indonesiako tsunamian, esaterako.

112ren Nazioarteko Eguna

112 Larrialdietarako Telefonoaren Nazioarteko Eguna otsailaren 11n ospatu ohi da (11, egunagatik; 2, hilabeteagatik) Europar Batasun osoan. Ospakizunaren xedea da herritarrei gogoraraztea 112 herrialde kide guztietan operatibo dagoela, eta, deitzeko, kabinak, telefono finkoak eta mugikorrak erabili daitezkeela.

Segurtasuneko Gida Operatiboa

Udalek eskatutako gidak 1.500 ale-kopuru ditu eta udaletxe guztietan banatuko dute.

Testuan, larrialdiei, jokoei eta espektakuluei, zirkulazioari, Ertzaintzari eta segurtasun koordinazioari dagokienez Segurtasun Sailak koordinatzen dituen arlo guztiak jasotzen dira.

Beltran de Herediaren hitzetan, gidaren bitartez, sailak udalekin herritarrenganako "konpromisoa eta erantzukizuna partekatzen" du. Halaber, larrialdi bat gertatzean "ez dago lehiei buruzko eztabaidarik: pertsonek dute lehentasuna", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza berriak EAE Gizartea bideoak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea 112 SOS Deiak