Gizartea -

Trafikoa

Hainbat pertsona zauritu dira Araban, izotzak eragindako istripuetan

Bi haur eta emakume bat zauritu dira Artziniega eta Amurrio artean, bost ibilgailuk talka eginda. Gasteizen emakume bat arin zauritu da eta Nafarroan arazo ugari suertatu dira.

Iruñean izotzak eragin duen istripuetako bat. EITB.
Iruñean izotzak eragin duen istripuetako bat. EITB.
Iruñean izotzak eragin duen istripuetako bat. EITB.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Segurtasun Sailak zabaldutakoaren arabera, goizeko bederatzietan Artziniega eta Amurrio artean izandako istripuan, bost ibilgailuk talka egin dute, eta bi haur eta emakume bat zauritu dira. Hainbat anbulantzia bertaratu dira zaurituak ospitalera eramateko.

Istripuan nahasi diren ibilgailuek errepidean joan-etorria oztopatzen geratu dira, eta goizeko hamarrak jota zirenean hasi dituzte garbiketa lanak Aldundiko Herrilanetako langileek.

Emakume bat arin zauritu da Gasteizen

Arabako errepideetan arreta berezia jartzeko eskatu du Segurtasun Sailak. Izotzak arazo ugari sortu ditu lehen orduetan, eta hainbat ibilgailu atera dira errepidetik.

Goizeko zazpiak eta bederatziak artean, bost ibilgailu atera dira, eta Araban, A-3102 errepidean, Zaldiaran bidean izandako istripuan, emakume bat zauritu da. Txagorritxuko ospitalera eraman dute, baina zauri arinak zituen.

Herrera, Azazeta, Opakua eta Etxegarate (Gipuzkoa) mendateetan kontu handiz gidatzeko eskatu du Segurtasun Sailak, eta Bernedo aldean kateak edo neguko gurpilak behar direla ohartarazi du.

Kamioi baten istripuak A-15 errepideko errei bat itxiarazi du Nafarroan

Hozkailu-kamioi batek istripua izan du goizaldean A-15 errepidean, Lekunberrin, eta, ondorioz, ezkerreko erreia itxi behar izan dute. Ibilgailua errepidetik atera da, 05:40 aldera.

Iruñeko hainbat biribilgunetan eta Nafarroa etorbidean, istripu txikiak izan dira. Ez da inor zauritu, baina gidariei arreta jartzeko eskatu die Foru Gobernuak.

Gaur goizeko bederatzietan, NA-137 (Burgi-Izaba) errepidea itxita zegoen 47. kilometrotik aurrera Belaguako mendatean, elurraren ondorioz. Errepide hauetan, berriz, kateak edo neguko gurpilak behar ziren: NA-138 (Iruñea-Aldude), 19. kilometrotik; NA-176 (Garde-Ansó), 8. kilometrotik; NA-7510 (Aralarko San Migel), 3. kilometrotik; NA-1740 (Irurita-Eugi), 17. kilometrotik (Artesiagako mendatea); eta NA-2000 (Izaba-Zuriza), 1. kilometrotik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Ezbeharrak Arabako berriak