Gizartea -
2014ko Aurrekontuak
Bilduk eta EAJk akordioa lortu dute Donostiako Aurrekontuak onartzeko
Jeltzaleen arabera, azken denboraleak Donostian sortutako kalteak konpontzeko inbertsioen beharrak bi taldeen arteko hitzarmena bultzatu du.
Erredakzioa
Bilduk eta EAJk akordioa lortu dute Donostiako 2014ko Aurrekontuak onartu ahal izateko. Jeltzaleen arabera, azken denboraleak sortutako kalteak konpontzeko inbertsioen beharrak bultzatu du aipatu hitzarmena.
Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak eta Josu Ruiz alkateordeak agerraldia egin dute gaur goizean, Eneko Goia eta Iñaki Gurrutxaga EAJko zinegotziekin batera, akordioaren nondik norakoak azaltzeko.
Horien azalpenen arabera, EAJk bere egunean aurkeztu zuen osoko zuzenketa talde bien transakzio-zuzenketa bihurtu da gaur, hitzarmenaren ondorioz, eta akordioaren "salbuespenezko arrazoiak" jaso dituzte aparteko testu batean.
Bilduk eta EAJk adostutako aldaketei esker, 1,8 milioi euro gehiago izango dituzte azken denboralearen txikizioa konpontzeko. EAJren ustez, diru horren beharrak gaur aurkeztu duten hitzarmena justifikatzen du.
Bestalde, PSE-EEko ordezkariak salatu du EAJ Bilduren Gobernua sostengatzeko "nahitaezko konplizea" dela eta Juan Karlos Izagirreri aurtengo Aurrekontuak "oparitu" izana egotzi die jeltzaleei.
Susana Garcia zinegotzi sozialistak EAJk Bilduri emandako "babesa" kritikatu du. Horren hitzetan, orain zenbait egun EAJk esan zuen Bilduren Aurrekontua ez zela herritarrek behar zutena, baina "orain babestu egin dute".
Ramon Gomez PPko ordezkariak ere hitzarmena kritikatu du, eta EAJri Bilduren "berme nagusia" izatea egotzi dio. Horren hitzetan, Bilduren Udal Gobernuak "bere Aurrekontuaren aurkako ekimena" adostu du EAJk. "Hori Bilduren Gobernu batek soilik egin dezake", gaineratu du.