Gizartea -
Azpiegitura berria
Indarkeria matxistaren biktimen zerbitzua 'hobetu' du Emakundek
Azpiegitura berri horri esker, Jaurlaritzako sail guztien “inplikazioa” lortu du Emakundek, indarkeria matxistaren aurkako borroka “indartuz” eta Emakunderen sorreratik bultzatutako ereduari eutsiz.
Erredakzioa
Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak azpimarratu du tratu txarrak pairatzen dituzten emakumeak artatzeko zerbitzu berriak “emaitzak hobeak” eman dituela, Jaurlaritzaren Sail guztien parte hartzeari esker.
Landaida Legebiltzarreko Giza Eskubideen eta Berdintasunerako batzordean izan da, EH Bildu eta PSE-EEren galderei erantzuteko.
Patxi Lopezen Gobernuak, indarkeria matxistaren biktimak artatzeko zerbitzua Herrizaingo Sailaren baitan utzi zuen. EAJk, berriz, sistema hura bertan behera utzi eta Emakunden sail berezi bat sortzea erabaki zuen. Horren bitartez, Jaurlaritzaren Sail guztietako inplikazioa martxan jarri zuen Urkulluren Gobernuak.
Izan ere, Justizia Sailak biktimak artatzen ditu eta Gizarte Politikakoak salaketak jartzeko telefonoa, laguntza ekonomikoak eta profesionalen trebakuntza kudeatzen ditu.
Azpiegitura berri horri esker, Sail guztien “inplikazioa” lortu du Emakundek, indarkeria matxistaren aurkako borroka “indartuz” eta Emakunderen sorreratik bultzatutako ereduari eutsiz.
Oposizioaren galderei erantzuteko, Landaidak gogoratu du EAEn biktimak artatzeko 241 harreta puntu daudela, Euskadiko 241 Udalak hain zuzen ere.
Gaineratu duenez, Udaletan hasten da tratu txarrak salatzeko prozesua, eta Udalak dira biktimak Jaurlaritzarekin harremanetan jartzen dituztenak.