Gizartea -
Algorta
Atxilotu dute Getxoko istripuan parte hartu zuen autoaren gidaria
Istripuan motor-gidaria (jatetxe bateko langilea) hil zen, zubi batetik azpian dagoen Garbigunera erori ostean. Autoaren gidaria, 20 urtekoa, Portugaleteko bizilaguna da.
Erredakzioa
Getxoko Udaltzaingoak atzo, igandean, herrian izandako istripuan parte hartu zuen autoaren gidaria atxilo eraman du, zuhurtziagabekeriazko giza hilketa delitua egotzita.
Autoak motorra baten kontra talka egin zuen eta motor-gidaria hil zen, zubi batetik behera jausita. 20 urteko gizonezkoa da atxilotutakoa, J.J.G.G. inizialduna eta Portugaleteko bizilaguna. Epailearen aurrera eramateko zain dago.
Istripua atzo 23:00etan gertatu zen. Euskal Herria kaletik zihoan ibilgailu batek, Uribe Kostako korridoreko irteeratik zetorrela eta Txakursolo kalera heldu aurretik, noranzko beretik zihoan ziklomotor bat atzetik jo zuenean.
Oraindik ezagutzen ez diren arrazoiengatik izandako talkaren ondorioz, ziklomotorraren gidaria, Getxoko bizilaguna -52 urtekoa eta V.N.D. inizialduna-, errepideko babes-hesiaren gainetik amildu zen beheko Garbigunera eta berehala hil zen.
Getxoko Udaltzaingoa ikerketa lanak egiten ari da istripuaren nondik norakoak argitzeko, eta Getxoko Goardiako Epaitegira bidaliko ditu.