Gizartea -
Heriotzen estatistikak
Auto-istripuek eta bihotzekoek heriotza gutxiago eragin dituzte EAEn
Auto-istripuek eta bihotzekoek eragindako heriotza-kopuruak behera egin du Euskadin azken hamar urteetan. Beherakada hori % 70,3koa eta % 33,7koa izan da.
Erredakzioa
2002 eta 2012 bitartean Euskadin auto-istripuen eta bihotzekoen ondorioz izandako heriotza-kopuruak behera egin du; hain zuzen ere, % 70,3 eta % 33,7 egin du behera heriotza-kopuru horrek.
Azken hamarkadan errepideetan hildakoen kopuruak beherakada nabaria izan du, eta 2012an heriotzen kanpo-eragile nagusia suizidioak izan ziren, Eustaten arabera. 2012an 80 pertsona hil ziren errepideetan (60 gizonezko eta 20 emakumezko) eta 180 pertsonak hil zuten bere burua. Suizidioen kopurua % 4,7 hazi da aurreko urtearekiko, eta gizonezkoen artean emakumezkoen artean baino gehiago dira.
Eustaten datuen arabera, 2002 eta 2012 bitartean buruko gaitzak eta nerbio-sistemari lotutako eritasunak izan dira hilkortasun-tasa handiena izan duten gaixotasunak.
Dementziaren ondoriozko heriotzak % 72,5 hazi dira 2012an; guztira 1.202 pertsona hil dira horregatik. Endekapenezko gaixotasunen barruan, Alzheimerraren eraginez 673 pertsona hil dira, hau da, heriotzak % 55,1 hazi dira.
2012an 20.281 pertsona hil ziren Euskadin; iaz baino % 2,3 gehiago. Dena den, hazkunde begetatiboa positiboa izan da, heriotza baino 252 jaiotza gehiago egon baitira. Arabak 772 biztanle irabazi ditu eta Gipuzkoak 384. Bizkaiak, ordea, 904 biztanle galdu ditu.
Hildakoen batez besteko adina 78,9 urtekoa da; 82,7koa, emakumezkoen kasuan, eta 75,4koa, gizonezkoenean.
2002tik bizi-itxaropena 3,3 urtetan handitu da. Gizonen kasuan gehiago hazi da, orain 3,5 urte gehiago bizi baitira. Emakumeen bizi-itxaropena, ostera, 2,8 urte gehiagokoa da.
2002an, tumoreek eragin zituzten heriotzen % 30,3 (6.149 heriotza), zirkulazio-aparatuaren gaixotasunek eragin zituzten heriotzen % 28,3 (5.736) eta arnas-aparatuarekin lotutako eritasunek eragin zituzten heriotzen % 9,4 (1.915).
Azken hamarkadan hiru gaixotasunen prebalentzia aldatzen joan da. Hori dela eta, 2002tik tumoreek eragindako heriotza-kopuruak % 12,5 egin du gora; gaixotasun kardiobaskularrek eragindakoak % 2,6 egin dute behera, eta arnas-aparatuekin lotutakoek, % 1,5.
Sexuaren arabera, datuak aldatu egiten dira. Gizonen artean, tumoreak zirkulazio-aparatuen gaixotasunak baino ohikoagoak dira, eta emakumeen artean heriotza eragile nagusia gaixotasun kardiobaskularrak dira, tumoreen segidan.
Adinari dagokionez, 40 urte bete aurretik hildakoen artean, heriotza gehienak kanpo eragileen ondorioz gertatzen dira, batez ere auto-istripuen eta suizidioen ondorioz; 40-80 urte bitartean, heriotzen eragile nagusia tumoreak dira, eta 80 urtetik gora, zirkulazio-aparatuaren gaixotasunak.