Gizartea -
Itsas denboraleak
Denboraleek 14 milioiko kalteak eragin dituzte Bizkaian, erdia Bermeon
Oraindik ere martxoko azken denboraleko kalteak zenbatzea eta Espainiako Gobernuak egin behar dituen inbertsioak kontatzea falta da.
Erredakzioa
Azken aldiko itsas denboraleek 14 milioi euroko kalteak eragin dituzte Bizkaian, ia erdia Bermeon.
Eusko Jaurlaritzak kalteen lehen balorazioa egin du, baina oraindik ere martxoko azken itsas-denboralearen kalteak zenbatzea eta Espainiako Gobernuak egin behar dituen inbertsioak kontatzea falta da. Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera, azken denboraleko kalteak batuta, 15,5 milioi euro beharko dira guztia konpontzeko, Espainiako Gobernuaren inbertsioa aparte.
Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariekin eta kaltetutako herrietako alkateekin elkartu da ostegun goizean Bilbon, neguko itsas denboraleek eragindako kalteen balorazioa egiteko.
Uda denboraldiari begira, kaltetutako itsas portuen, pasealekuen eta hondartzen artean lehentasunak zein diren adostu dute.
Bileraren ostean Ana Oregik azaldu duenez, "kalteak handiak izan dira Bizkaiko kostaldean, eta kalte horien ia erdia, 7,6 milioi euro baino gehiago, Bermeon zenbatu dira".
Bermeon kalte handienan itsas portuan izan dira, eta Jaurlaritzaren eskumena denez, hari dagokio konponketa lanak egitea.