Gizartea -

Iurbenor auzia

3 urteko kartzela-zigorra ezarri diote Jabyer Fernandez enpresariari

Bizkaiko Foru Aldundiak egindako eskariaren kontra, ez dio zigorrik ezarri, ordea, iruzur fiskalagatik. Susana Fernandezi 18 hilabeteko kartzelaldia ezarri diote "beharrezko lankide" izatea egotzita.

Jabyer Fernandez epaiketako egunean. Argazkia: EiTB
Jabyer Fernandez epaiketako egunean. Argazkia: EiTB
Hiru urteko espetxe zigorra jaso du Jabyer Fernandez enpresariak

0:18

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iurbenor auziko epaileak hiru urteko kartzela zigorri ezarri dio Jabyer Fernandez enpresariari, kaudimen gabezia delitua egotzita. Bizkaiko Foru Aldundiak egindako eskariaren kontra, ez dio zigorrik ezarri ordea, iruzur fiskalagatik. Fiskaltzak 10 urteko kartzela zigor eskaera egin zuen epaiketan. Bestalde, 18 hilabeteko kartzelaldia ezarri diote Susana Fernandez Jabyer Fernandezen arrebari "beharrezko lankide" izatea leporatuta.

Bestalde, Fernando Garcia Macua Athleticeko presidente ohia eta Fernandezen aholkulari ohia absolbitu egin du ogasun publikoaren kontrako salaketatik.

Epaian irakur daitekeenez, hiru urteko kartzela zigorraz gain, edozein alorretako hauteskundeetan hautagai gisa aurkezteko 10 urteko inhabilitazioa ezarri diote Jabyer Fernandezi eta 15 hilabetean egunero 20 euroko isuna ordaindu beharko du.

Susana Fernandezi 18 hilabeteko kartzelaldia ezarri dio epaileak Jabyer Fernandezen "beharrezko lankide" izatea egotzita. Horrez gain, zigorrak irauten duen bitartean hauteskundeetara hautagai gisa aurkezteko eta 4 urtean administradore gisa jarduteko inhabilitazioa ezarri diote. Halaber, sei hilabetean 20 euroko isuna ordaindu beharko du egunero.

Erantzukizun zibil gisara, 26.883.887,56 euro ordaindu beharko dizkiote bien artean Iurbenor Promociones lehiaketaren masari. Gainera, 8.500.000 euro ordaindu beharko ditu Jabyer Fernandezek.

Epaitutako gertaerak 2009ko urtarrilaren 27an jazo ziren. Iurbenorrek Sefanitroko lurrak saldu zituen Puerta Bilbao egitasmoaren baitan egitekoak ziren 2.000 etxebizitzak eraikitzeko.

Epaiketan, Iñigo Urkullu eta EAJko beste zenbait buruzagik traizioa egin ziotela salatu zuen Jabyer Fernandez enpresariak. Horren iritziz, bere enpresa proiektuak babesteari utzi zioten eta ez zioten BEZari zegokion 43 milioi euroko zenbatekoa ordaintzeko luzapenik eskaini.

Epaiari helegitea aurkeztu ahal izango diote zigortuek.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea