Gizartea -
Uraren Nazioarteko Eguna
Uraren kontsumoak eta 'kontrolik gabeko kontsumoek' behera, EAEn
Bilbo Bizkaia Ur Kontsorzioak eta Azti-Tecnaliak antolatuta, Bilboko itsasadarrean barrena itsasontzian ibiltzeko aukera izango da igandean.
Erredakzioa
Uraren kontsumoa jaitsi egin da azken 20 urtean Euskal Autonomia Erkidegoan eta "kontrolik gabeko kontsumoek ere behera egin dute", Eusko Jaurlaritzaren arabera.
Hiru arrazoi azaldu ditu Eusko Jaurlaritzak ur kontsumoaren beherakada azaltzeko: hiritarren kontzientziazioa, industriaren ohitura onak eta ur hornitzaileen kudeaketa eraginkorra.
Herritarrei ur hornidura bermatzen gastatzen da ur gehien (% 72). Industriak erabilitako ur guztiaren % 14a gastatzen du, eta beste horrenbeste erabiltzen da baratzak eta belardiak ureztatzeko.
Populazioa hirietan kontzentratzen dela eta, etxebizitzetako uraren kontsumoa jaitsi egin dela nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak. Halaber, enpresek ere ura modu eraginkorragoan erabiltzen dutela gaineratu du Gobernuak.
Barku irteerak Bilboko itsasadarrean
Bilbo Bizkaia Ur Kontsorzioak eta Azti-Tecnaliak antolatuta, barku irteerak egingo dituzte igandean Bilboko itsasadarrean. Gaur, larunbata, Uraren Nazioarteko Eguna dela eta antolatu dute txangoa.
Barkuak Bilboko Udalaren paretik irtengo dira 10:00etan, 12:00etan eta 16:00etan.
Euskadiko Bioaniztasun Zentroak Uraren Eguna ospatzeko ekitaldiak antolatu ditu
Euskadiko Bioaniztasun Zentroak Uraren Nazioarteko Eguna ospatzeko ekitaldiak antolatu ditu gaur eta bihar.
Goizean, Muskizeko Pobal burdinolara bisita gidatua egiteaz gain, Matxitxako lurmuturrean izan dira zetazeoak ikusten eta etxeko txikienei ura alferrik ez galtzen erakutsi diete.
Arratsaldean, Gautegiz-Arteagako marea errota bisitako dute.
Igandean, barku irteerak egingo dituzte Bilboko itsasadarrean. Halaber, uraren inguruko tailerrak ere antolatu dituzte.