Gizartea -
Hondakinak
Gipuzkoak 2013an sortutako zaborren % 38 birziklatu du, % 4,5 gehiago
"Hau da Gipuzkoako zaborren errealitatea, polemika antzuen eta alderdi politikoen arteko eztabaidetatik haratago", esan du Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuak.
Erredakzioa
Gipuzkoak 318.000 tona hiri-hondakin sortu zituen 2013an, eta horietatik 190.400 (%60) zabortegietara eraman zituzten. % 38, berriz, gaika bildu zituzten, 2012an baino % 4,5 gehiago.
Datuak Iñaki Errazkin Gipuzkoako Ingurumen diputatuak eman ditu, Ainhoa Iraola foru zuzendariarekin batera emandako prentsaurrekoan. Bertan, 2013ko zaborren kudeaketa publikoaren berri eman dute, mankomunitateek emandako datuetan oinarrituta.
Errazkinek "oso positibotzat" jo du 2013an izandako emaitza eta % 38ko birziklatze tasa azpimarratu du. Tasa horrek, gainera, gora egin du aurten, % 40ra iritsi arte, duela bost urteko kopurua ia bikoiztuta. "Zabortegietara gero eta hondakin gutxiago botatzen dira", esan du Errakinek, 2007an baino heren bat gutxiago. Hondakin organikoen gaikako bilketak emandako "aurrerakada" ere aipatu du, % 70 igo baita.
"Hau da Gipuzkoako zaborren errealitatea, polemika antzuen eta alderdi politikoen arteko eztabaidetatik haratago", esan du Ingurumen diputatuak. Errazkinen iritziz, datuek argi uzten dute "posiblea dela hondakinak era jasangarrian eta eraginkorrean kudeatzea".