Gizartea -

Aguirreren isuna

Esperanza Aguirrek agenteengandik ihes egin izana ukatu du

PPko buruzagiak, ironiaz, bera bezalako "hirurogei urteko bat sei agenterentzat oso arriskutsua" dela esan du. Saenz de Santamariak "legea denentzat berdina" dela nabarmendu du.

Esperanza Aguirre. EiTB
Esperanza Aguirre
Esperanza Aguirrek agenteengandik ihes egin izana ukatu egin du

0:59

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Esperanza Aguirre Madrilgo PPko presidenteak esan du ez duela dimititzea pentsatzen, “ez, ez eta ez”, eta autoa txarto aparkatu eta arau-haustea egin beharrean inor zapaldu izan balu "Josu Uribetxebarria Bolinaga ETAko preso ohia baino okerrago" egongo litzatekeela.

Cuatro kateari eskainitako elkarrizketa batean esan duenez, ez du uste beste herrialde bateko politikari batek dimitituko zuenik antzeko egoera batean.

"Eskerrak arau-hauste bat baino egin ez dudan, oinezko bat harrapatu izan banu Bolinaga baino okerrago egongo nintzateke eta. Isuna jartzen ari zitzaizkidala ihes egin nuela esaten ari dira, eta agente bat harrapatu nuela. Hori faltsua da", adierazi du.

PPko buruzagiak, ironiaz, bera bezalako "hirurogei urteko bat sei agenterentzat oso arriskutsua" dela esan du.

Horrez gain, agenteak inola ere ez zitzaizkiola bere autoaren "parean jarri eta gelditzeko eskatu” esan du, eta isuna jarri zioten lekutik bere etxeraino doan bidea “errei bakarrekoa” dela  argudiatu du.

Saenz de Santamaria: "Legea guztiontzat berdina da"

Soraya Saenz de Santamaria Gobernuko presidenteordeak esan du "legea guztiontzat berdina" dela, Esperanza Aguirre Madrilgoko PPko presidentearen trafiko ezbeharrari buruz galdetuta.

Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan adierazi du Aguirrek gertatutakoari buruzko azalpenak eman dituela, eta orain prozedura bat dagoela irekita "gertaerak eta erantzukizunak" zehazteko.

Botellak agenteen egiazkotasuna babestu du

Ana Botella Madrilgo alkateak "legea guztientzat berdina" dela babestu du, eta mugikortasun agenteen deklarazioek (salaketa bat jarri dute Aguirreren aurka) "egiazkotasun presuntzioa" dutela gaineratu du.

"Agintaritzaren agenteen deklarazioek egiazkotasun presuntzioa dute, eta, beraz, legezko prozedurari jarraituko zaio", azaldu du

Istripuen biktimek Aguirreren jarrera kritikatu dute

Zirkulazio istripuen biktimen elkarteek Esperanza Aguirre Madrilgo PPko presidentearen jarrera kritikatu dute, hark atzo Udaleko mugikortasun agente baten motorra jo ostean.

Aguirreri buruzko partea

Madrilgo Udaltzaingoak Esperanza Aguirrerekin izandako ezbeharrari buruz honako hau esan du: Madrilgo PPko presidentearen autoaren “parean” jarri eta joan zirela, baina hark ez ziela kasurik egin euren jarraibideei.

Atestatuan agertzen denez, udaltzain batek ostegunean (apirilak 3) Madrilgo Gran Vía-tik bere kidearekin zihoala, 16:16ean mugikortasun agente bat ikusi zuen autobus eta taxien erreian aparkatuta zegoen ibilgailu bati isuna jartzen. Ibilgailu barruan ez omen zegoen inor.

Geroago, emakume bat mugikortasun agente batengana hurreratu omen zen, hizketaldi labur bat eduki, eta ibilgailuaren (Toyota Versus) barruan sartu.

Agenteak isuna jarri behar zionean, emakumea autoa martxan jartzeko maniobrak egiten hasi omen zen, mugikortasun agenteen jarraibideei kasurik egin gabe, eta eskuineko aldearekin agentearen motorra jo eta lurrera bota omen zuen, udaltzainak azal duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea