Gizartea -
Hilketa Irunen
Frantzian atxilotu dute Irungo gaztearen ustezko hiltzailea
Susmagarriak Frantziara ihes egin zuen, Ertzaintzak ohar batean jakitera eman duenez.
Erredakzioa
Frantziako Poliziak 24 urteko gazte bat Irunen labankadaz ustez hil zuen gizonezkoa atxilotu zuen iragan ostegunean. Ustezko hiltzaileak Frantziara ihes egin zuen, Ertzaintzak ohar batean jakitera eman duenez.
24 urteko Kamerungo gaztea martxoaren 2an hil zuten, arma zuri batekin egindako zaurien ondorioz. Berehala, Ertzaintzak ikerketa bat abiarazi zuen gertatutakoaren nondik norakoak argitzeko.
Segurtasun Sailak azaldu duenez, SOS Deiakek arma zuriz egindako eraso baten abisua jaso zuen egun horretan. Erasoaldia Colon Pasealekuan jazo zen, treneko geltokitik gertu. Ertzaintzako agenteak bertaratu ziren, osasun zerbitzuko kideekin, eta erasoa jasandako gaztea topatu zuten, zauriak zituela. Nahiz eta medikuek artatu zuten, 24 urteko gaztea bertan hil zen.
Ustezko hiltzailea 29 urteko dominikar eta Irungo auzotar bat zela susmatu zuen Ertzaintzak hasieratik. Hasieratik, Frantziara ihes egin zuela susmatu zuten eta, ondorioz, bertako poliziarekin batera elkarlanean hasi zen Ertzaintza.
Azkenean, Chateaurouxeko etxebizitza batean aurkitu du Frantziako Poliziak ustezko hiltzaileak, mugatik 500 bat kilometrora.
Iragan ostegunean, polizia etxebizitza horretara sartu eta ustezko hiltzailea atxilotu zuen. Etxe barruan, beste gizonezko bat eta emakume bat zegoela nabarmendu du Frantziako Poliziak.
Ertzaintzak beste hiru emakume inputatu ditu, ustezko hiltzaileari ihes egiten laguntzea leporatuta.