Gizartea -
Sutearen urteurrena
Urtebete geroago, Bermeok ez du bere itxura erabat berreskuratu
Espainiako Gobernuak ez du udalerri bizkaitarra hondamendi eremu izendatu, eta laguntzak urriagoak izango dira. Bermeoko bizilagunek "hondamendi" materialean eta psikologikoan sentitzen direla diote.
Erredakzioa
Gaur da urtebete Bermeoko Alde Zaharrean sute handia gertatu zela, Bizkaian azken 30 urteetan izan den sute larriena izan zela, alegia.
Alde Zaharreko eraikinetako batean piztutako sutearen ondorioz, hainbat familiak galdu zuen etxea. Arin zabaldu ziren garrak inguruko etxeetara, eta eraikin batzuk behera etorri ziren. Oraindik ez dituzte berriro altxatu.
Bizitza bat-batean aldatzen da
Sutean kaltetu ziren 70 familien artean, denak ez daude egoera berean. Batzuen etxeak ia-ia konponduta daude, beste batzuek orain hasi dituzte lanak, eta etxe gabe geratuko denik ere badago, batzuek etxea berriro ez altxatzea erabaki baitute.
Eraikin bat ez dute berriro altxatuko, 16. ataria zuena. Gainerakoen kasuan, kaltetuak eurak dira lanak aurrera eraman ahal izateko dirua jartzen ari direnak; izan ere, oraindik ez dizkiete eman kalte-ordain guztiak.
Bizkaian azken hiru hamarkadetan izan den sute larrienak familia askoren bizimodua aldatu du, baina elkartasuna piztu du eta bizilagunen arteko harremanak indartu egin dira, Arantza Perez Basterretxea Bermeo Suten kaltetuen elkarteko presidenteak azaldu duenez.
Bermeoko bizilagunak, "hondamendi" materialean eta moralean
Bermeoko bizilagunek "hondamendi" materialean eta psikologikoan sentitzen direla esan dute, existitzen ez diren eta eraikiko ez diren etxebizitzen hipotekak ordaindu behar dituztela jakinda.
Gorka Gomezen (36 urte ditu) kasuan, komunitateko jabeek etxea berriro ez eraikitzea erabaki zuten.
"Seguruak eman didan diruarekin hipotekaren zati bat ordaindu ahal izan dut, baina oraindik zati handi geratzen zait ordaintzeko... Ni orain bankura joaten banaiz beste etxe bat erosteko eta hipoteka berri bat eskatzen badut, ordainduko al didate?", galdegin du gazteak. Orain Foru Aldundiaren alokairuko pisu batean bizi da.
Etxebizitza berriro eraikiko ez duten arren, Gomezek 14.000 euro ordaindu behar izan ditu eraikina desmuntatzeko eta obraren hasiera baino lehenagoko lanentzako.
Etxea galtzearekin batera, Bermeoko gazteak familiaren historiaren zati bati ere agur esan behar izan dio, etxebizitza aitonarena izan zelako hasiera batean, eta, geroago, aitarena.
Espainiako Gobernuak ez du Bermeo hondamendi eremu izendatu, eta, beraz, diru-laguntzak ez dira izango hondamendi kasuetan ematen diren adinakoak, murritzagoak baizik. Alkateak aparteko laguntzak eskatu ditu aste honetan bertan.