Gizartea -
Urtebete sutea izan zenetik
Bermeo: 'Gobernuak ez du alde zaharra hondamendi-gune izendatuko'
Bere egunean, suteagatik kaltetutako alde zaharreko esparrua hondamendi-gune izendatzeko eskatu zion Bermeoko Udalak Espainiako Gobernuari, baina Gobernuak laguntzak ukatu dizkio Bermeori.
Erredakzioa
Espainiako Gobernuak ez du Bermeoko alde zaharra “hondamendi-gune” izendatuko, gaur Idurre Bideguren alkateak azaldu duenez. Hala ere, iazko suteagatik hainbat kalteturentzat laguntzak bideratuko dituzte.
Ostiralean beteko da Bermeoko alde zaharreko hamabi eraikinen sutearen urteurrena. Bermeon egindako agerraldian, alkateak gogoratu du Udalak Espainiako Gobernuari eskatu ziola alde zaharra ‘hondamendi-gune’ izendatzea. ‘Urtebete zain egon ondoren’ eta suteak eragin zuen “amesgaiztoaren” ondoren, laguntzak ukatu dizkiotela salatu du Bidegurenek.
“Herriarentzat oso albiste txarra da, laguntza horiekin gastu batzuei aurre egitea espero genuelako, eta orain ezin izango dugu”, adierazi du.
Erabakia ez da irmoa oraindik eta kaltetu batzuei ‘hondamendi guneari’ dagozkion laguntzak emango dizkiotela zehaztu du alkateak. Laguntzak “ahalik eta azkarren” ematea espero du Bermeoko agintariak.