Gizartea -
Europako Parlamentua
eCall, ibilgailuak automatikoki larrialdi zerbitzuei deitzeko sistema
Datorren urtetik aurrera sistema hori nahitaezkoa izango da auto berrietan. Istripua izanez gero, sistemak larrialdi zerbitzuekin bat egingo du berehala.
Euskadi Irratia / eitb.com
Europako Parlamentuak oniritzia eman du autoei eCall izeneko sistema jartzeko. 2015etik aurrera, istripu bat izanez gero, eCall sistemak 112 zenbakira deituko du automatikoki, gidariaren inolako laguntzarik gabe. Airbaga aktibatzearekin batera, sistemak larrialdi zerbitzuekin bat egingo du berehala.
Sistema nahitaezkoa izango da auto berrietan, eta horren helburua istripua izanez gero minutuak irabaztea da.
eCall horren tankerako zerbitzuak egon badaude, baina Europak onartutako sistema lehen sistema automatikoa izango da.
Datorren urtetik aurrera, datu ugari igorriko ditu eCallek 112ra; premiazkoena, kotxearen kokalekua. Informazio zehatzagoa ere emango du; kotxe motaren berri, esaterako.
Kotxe berrietan beharbeharrezkoa izango da datorren urtetik aurrera eCall sistema. Auto zaharragoetan sistema instalatzeak 100 euroko kostua izango du, baina ez da beharrezkoa izango.
2015etik aurrera autoak seguruagoak izango dira Europar Batasunean. eCall sistemak ez ditu istripuak ekidingo, baina istripuak izaten direnean larritasunak % 15 egin dezake behera, laguntza zerbitzuak berehala bidalita. Proiektuaren helburua urtean 2.500 heriotza ekiditea da.
____________________________
INFORMAZIO GEHIAGO: Europako Hauteskundeei buruzko webgune berezia