Gizartea -
Eusko Jaurlaritza
Biktimari Laguntzeko Zerbitzura jo dutenen 10etik 9 emakumeak dira
Iaz 3.600 herritarri eman zieten laguntza, eta erdiak baino gehiago emakumeen kontrako indarkeriaren biktima ziren.
Erredakzioa
2013an Eusko Jaurlaritzaren Biktimari Laguntzeko Zerbitzura jo zuten gehienak emakumeak izan ziren. Iazko memorian jasotako datuen arabera, 3.600 herritarri eman zieten laguntza zerbitzu honetan, eta erdiak baino gehiago indarkeria matxistari lotutako kasuak izan ziren.
Indarkeriaren biktimak 1.900 izan ziren, Biktimei Laguntzeko Zerbitzuak artatu dituen kasuen erdiak baino gehiago (% 51), eta emakumeen nagusitasuna da nabarmentzekoa: Jaurlaritzaren doako zerbitzu hori eskatu zuten hamar pertsonatik ia bederatzi emakumeak ziren.
Biktimei laguntzeko doako zerbitzuak 3.600 pertsona artatu zituen iaz, gehienak Bizkaian, baina bertan eta Gipuzkoan kopuru horrek behera egin du. Araban, berriz, ehun biktima gehiago artatu zituzten.
Salatutako delitu motari dagokionez, emakumeen kontrako indarkeriaz gain, delitu orokorrak ageri dira: iruzurra edo lapurretak, sexu askatasunaren aurkakoak eta baita familia barruko indarkeria kasuak ere. Ustezko haur lapurtuen 21 auzitan ere lagundu du Jaurlaritzak.
Biktimari Laguntzeko Zerbitzua delituren bat jasan duen edozein herritarri ematen zaion zerbitzua da, eta legelari, psikologo eta gizarte langileek osatzen dute.