Gizartea -

Kirol-errezeta

Osakidetzak kirola egitea errezetatuko du

Pazienteari gehien komeni zaion jarduera aginduko dio, espero diren onurak, patologiatik datozen mugak, zaletasun pertsonalak, motibazioak eta libre daukan denbora kontuan hartuta.

Donostiako Ospitalea. EiTB
Donostiako Ospitalea. EiTB
Donostiako Ospitalea. EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osakidetza herritarrei kirola egitea aholkatzetik kirola egitea errezetatzera pasatuko da. Lehenengo esperientzia Getxon (Bizkaia) gauzatuko du.

Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ostiral honetan azaldu duenez, medikua eta erizaina dira pazienteak ondoen ezagutzen dituztenak, eta, "kirol-errezeta"ren bitartez kirola edota jarduera fisikoa egitea aginduko dutela adierazi du. Pazienteari gehien komeni zaion jarduera aginduko dio, espero diren onurak, patologiatik datozen mugak, zaletasun pertsonalak, motibazioak eta libre daukan denbora kontuan hartuta.

Errezeta honekin, pazienteak kirol profesionalarekin hitzordu bat izango du, inolako kosturik gabe. Kasu honetan, Getxo Kirola elkarteko batekin izango da. Jarduera fisikoa gaixoaren beharrei eta nahiei egokituko dio profesionalak.

Egun, 300 jarduera baino gehiagoko kirol eskaintza dago; profesionalen arabera, zaila da pertsona bakoitzarentzako jarduera egokia ez aurkitzea.

"Tratamendu" honen emaitzak uneoro kirol profesionalek eta medikuek ebaluatuko dituzte.

Ekimena Getxon estreinatu da

Osasun Sailak azaldu duenez, ekimen hau Getxon (2014 Kirolaren Europako Hiria) sortu da, eta bertan estreinatu dute, Udalak eta Kirol Zinegotzigoak lortutako partaidetzarekin. Pauso hau beste leku batzuetara zabalduko dute, datozen hilabeteetan.

2013-2020 Osasun Planak Jarrera osasuntsuen promozioa hartu du lehentasunezko gune.

Kirola egitearen onurak

2013 Euskal Autonomia Erkidegoko Osasun Inkestan jasotako datuen arabera, Euskadin emakumeen % 34k eta gizonezkoen % 27k ez dituzte Osasunaren Mundu Erakundeak ezarritako jarduera fisiko minimoak betetzen.

Jarduera fisikoa egiteak heriotza goiztiarra saihesteaz gain, gaixotasun koronarioak, hipertentsioa, diabetea, iktusa,  bularreko eta koloneko minbizia eta depresioa murrizten ditu. Halaber, pisua irabaztea prebenitzen du, arnasteko gaitasuna handitu, hezurren eta muskuluen egoera hobetu, eta lo hobeto egiten laguntzen du.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kirolak Osakidetza berriak Gaixotasunak bideoak Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Ongizate fisikoari buruzko albisteak