Gizartea -
Bonbardaketa gogoan
77 urte dira Condor legioak Gernikan bonbaz eraso zuenetik
Aurten, John Wynneri eta Manu Leginetxeri egin die aitorpena Gernikako Udalak; Leginetxe gerra eta giza eskubideen bortxaketa salatzeagatik, eta Wynne Europako adiskidetzean egindako lanagatik.
Erredakzioa
77 urte igaro dira frankisten aginduz Condor legioak Gernika bonbardatu zuenetik eta, hori dela eta, ekitaldiak egingo dituzte egun osoan herri bizkaitarrean, 1937ko apirilaren 26 beltz hura gogoratzeko.
Goizean lore eskaintza egin diote George Steer kazetariari haren omenezko eskulturan eta, eguerdian, Bakearen eta Berradiskidetzearen aldeko Gernika Sariak banatu dituzte. Aurten, John Wynne militar britainiarrari eta Manu Leginetxe kazetariari egin die aitortza Gernikako Udalak.
11:15etan hasi dira ekitaldiak, George Steer kazetariaren omenezko eskulturan lore eskaintza eginda. Ondoren, Bakearen eta Adiskidetzearen aldeko sariak banatu dira: Leginetxeri, bake erreportari lanetan, gerra eta giza eskubideen bortxaketa salatu zituelako, eta Wynneri, berriz, Europako adiskidetzean egin zuen lanagatik.
Sari banaketan, Luis Iriondo Gernikako bonbandaketaren biktimak Nagasakiko alkateak bidalitako gutuna irakurri du .
Jose María Gorroño Gernikako alkateak ere esan du bakea lortzeko baldintzak badaudela, eta "interes politikoak alde batera utzi" behar direla.
Omenaldia
Arratsaldeko 15:45ean sirena hotsa entzun da eta 16:30ean, bonbardaketa izan zen orduan, biktima guztiak izan dira gogoan, lore eskaintza Zalloko hilerrian eginda.
Egunari amaiera emateko, gaueko 21:30ean, manifestazio isila egin dute Gernikako kaleetan kandelekin.
Memoriaren alde ari da lanean Gernika Gogoratuz Fundazioa, gertatutakoa ahaztu ez dadin eta generazio berriek ere izan dezaten gertatutakoaren berri. Gernika Batzordea bonbardaketaren egiaren aitortza lortzeko lanean ari da eta aurten erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena oinarri hartuta "Esku bidea" ekimena egingo dute. 13:00etan, Gernikan aurkitzen diren dozena erdi bunkerretatik bi batu egingo dituzte giza kate baten bidez.