Gizartea -
Igande honetan
Erroma, Joan Paulo II eta Joan XXIII.a kanonizatzeko prest
Ekitaldia San Petri plazan izango da, eta ehunka mila pertsona bertaratuko direla espero dute. eitb.com-ek zuzenean eskainiko du.
Erredakzioa
Igande honetan, Frantzisko aita santuak Joan Paulo II.a (Karol Wojtyla) eta Joan XXIII.a (Angelo Giusepee Roncalli) kanonizatu egingo ditu, Vatikanoko San Petri Plazan, milaka fededunen jaiera lagun.
Plazako sarrera irekia izango da, ez da txartelik salduko. "Iristen denak bertan egon ahal izango du, baina ez da txartelik salduko", adierazi du Lombardik. Prentsa arduradunak esan du 200.000-250.000 pertsona bilduko direla gutxi gora-behera.
Guztira, 800 polizia, 250 suhiltzaile eta segurtasun zibileko 2.600 agente izango dira San Petrin. Horiekin batera, beste 2.430 agente segurtasuna bermatzen saiatuko dira.
Zeremonia
Frantzisko aita santuak aurreko uztailaren 15ean sinatu zuen Joan Paulo II.ari bigarren miraria aitortzen zion agiria, eta orduan onartu zuen Joan XXIII.a kanonizatzeko proposamena, nahiz eta mirari bakarra egiaztatu zaion.
Egungo aita santuaren gonbidapena jaso ostean, Benedikto XVI.ak ekitaldian parte hartuko duela esan du, baina ez da aldarera igoko.
Kanonizazio meza 10:00etan hasiko da San Petri Plazan, eta 150 kardinalek, 1.000 gotzainek ere parte hartuko dute. Gainera, 870 apaizek ostiak banatuko dituzte plazan bertaratzen direnen artean.
Estatuburuak eta erromesak
Kanonizazio historiko honetarako 24 Estatu eta Gobernu buru eta 23 ministro izango dira Erroman, horien artean Espainiako eta Belgikako errege-erreginak, eta Paraguaiko, Honduraseko, El Salvadorreko, Ekuadorreko, Albaniako, Kroaziako eta Poloniako presidenteak.
Poloniatik iritsik dira erromes gehien, eta bertatik 1.700 autobus, 5 tren eta 58 hegaldi iritsiko dira.
Mirariak
Karol Wojtyla 2011ko maiatzaren 1ean beatifikatu zuten, Benedikto XVI.ak sinatutako lehenengo mirariarekin. Marie Simon Pierre mojari Parkinson gaitza sendatu omen zion, 2001ean.
Joan Paulo II.aren kanonizazioa ahalbidetu duen bigarren miraria Flrobeth Mora costarricarrarekin lortu zuen. Izan ere, atzera bueltarik ez zuen garuneko aneurisma sendatu omen zion aita santu ohiak. Joan Paulo II.aren beatifikazioa telebistaz jarraitu zuen emakumeak, eta hurrengo egunean ahots bat entzun zuen: "Altxa zaitez". Hilabete batzuetara medikuek baieztatu zuten sendatu zela, eta ez zioten azalpen zientifikoa aurkitu.
Joan XXIII.a, berriz, Joan Paulo II.ak beatifikatu zuen 2000. urtean, Pio IX.a beatifikatu zuten egun berean. 1966an Sor Caterina Capitani sendatu izana onartu zuten mirari gisa.