Gizartea -
Eraso gehiago
Hamar bat banketxeri eraso diete Gipuzkoan eta Bizkaian
Galdakaon, Legution, Donostian eta Arrasaten egin dituzte erasoak. Gazte bat atxilotu egin dute Donostiako Egia auzoan; epailearen aurretik pasatu ondoren, karguekin aske geratu da.
Erredakzioa
Hamar bat banketxeri eraso egin diete gaur goizaldean Galdakaon, Legution, Donostian eta Arrasaten. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailetik jakinarazi dutenez, kaltetutako banketxe gehienak Gipuzkoan daude.
Donostian, 24:30ean, hainbat pertsonak pintura poteak jaurti dituzte lau banketxeren aurka, Egia auzoan. Ertzainak bertaratu direnean, erasotzaileetako batek pintura bota die, eta atxilotu egin dute. 18 urteko mutil bat da, eta agintariei atentatua egitea leporatu diote. Epailearen aurretik pasatu da, eta eguerdi aldera, karguekin aske geratu da gaztea.
01:00etan, Arrasaten, beste hiru banketxeren aurka jaurti dute pintura.
Handik eta bi ordura, Bizkaian, erregaia isuri dute Galdakaoko bi kutxazain automatikotan.
Azkenik, Legution (Araba), galtzada-harriak bota dituzte bulego baten aurka, 01:00etan.