Gizartea -
Diputatuen Kongresua
PPk ez du onartuko Hiesagatik marjinatzen duten klausulak debekatzea
Nafarroako Parlamentuak aho batez onartutako lege proposamena ukatuko du. Ekimenak Hiesa duten pertsonak marjinatzen dituzten aseguruei edo kontratuei egiten die erreferentzia.
Erredakzioa
Madrilgo Diputatuen Kongresuak errefusatu egingo du, PPren botoekin, aseguru eta kontratu batzuetan Hiesa duten gaixoak marjinatzeko dauden klausulak debekatzea.
PPk Nafarroako Parlamentuak aho batez onartutako lege proposamena atzera botatzeko hainbat argudio eman ditu, besteak beste, Konstituzioan bertan agertzen dela pertsonen arteko berdintasuna eta ezin dela gaixotasunagatik diskriminatu. Horren harira, enpresaren batek gaixoak marjinatzen baditu salatu, jazarri eta zigortu egin behar dela erantzun dute.
Nafarroako Parlamentuaren ekimenak Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Babeserako Lege Orokorra aldatzea proposatzen du, Hiesa duten pertsonak marjinatzen zituen klausulak bertan behera uzteko.
Roberto Jimenez PSNren parlamentariak gogorarazi duenez, ekimena aho batez onartu zuen Nafarroako Parlamentuak, eta klausula horiek sortzen zuten "injustizia" eta "diskriminazioa" saihesteko gizarte zibilak egiten duen eskariari erantzuten dio.
Bakartxo Ruiz EH Bilduren parlamentariak ere bat egin du ideia horrekin, eta gogor salatu du 2014. urtean Hiesa daukan pertsona bat "legalki" marjinatu ahal izatea, gaixotasun horrekin bizitzea "nahikoa gogorra izango ez balitz bezala".