Gizartea -
DOnostian eta Beasainen
Bi gizon atxilotu dituzte genero-indarkeriagatik Gipuzkoan
Donostian, 28 urteko gizon bat atxilotu dute, bikotekideari arma zuri batez eraso egiteagatik. Beasainen, beste bat atxilotu dute, emakumeak senarrak tratu txarrak eman ohi dizkiola salatu ostean.
Erredakzioa
Gaur, astelehena, goizaldeko ordu bata hogei gutxitan, Donostiako ertzain-etxeko patruila bat Amara auzoko etxe batera joan da, genero-indarkeria kasu bat gertatu dela jakin ondoren, Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Ertzainek etxeko atarian aurkitu dute ustezko erasotzailea; biktima, berriz, etxean topatu dute, besaurrean arma zuri batez egindako zauri bat zuela.
Horren aurrean, biktimaren bikotekidea atxilotu, eta emakumea sorospen-etxe batera eraman dute, arta zezaten. Bikotearen etxean gertatu da erasoa, mahaiko aizto bat erabilita. Atxilotua (28 urte) Ertzaintzaren egoitzara eraman dute.
Bestalde, atzo arratsaldeko lehenengo orduan, emakume batek bikotekideak tratu txarrak eman ohi dizkiola salatu zuen Beasaingo ertzain-etxean.
Haren esanetan, azken erasoa aurreko gauean egin omen zion, eta salatzaileak bere lesioen parte bat aurkeztu zuen. Salaketa egin ondoren, agenteek erasotzailea, 47 urteko gizon bat, atxilotu zuten.