Gizartea -
Amnistia Internazionala
Herritarren ia erdia torturak jasatearen beldur da
Amnistia Internazionalaren txostenak torturen inguruan dagoen inpunitatea eta salaketak ikertzeko gobernuek agertzen duten konpromiso eza salatu du.
Erredakzioa
Espainiako herritarren % 45, atxilotuak izanez gero, torturak edo tratu txarrak jasatearen beldur dira. % 20, berriz, torturak justifikatu egiten ditu zenbait kasuetan, munduko batez bestekoaren azpitik (% 36).
Datuok "Tortura 2014. urtean: 30 urte agindutakoa bete gabe" txostenean agertzen dira. Txostena Aministia Internazionalak aurkeztu du Espainian, torturaren kontrako kanpaina abian jartzeko. Tortura "ezkutuan" egiten dela salatu du Eva Suarez-Llanos erakundeko ondoko zuzendariak, "politikoki lotsagarria" delako.
Inkesta 21 herrialdetako 21.000 pertsonari egindako galdeketan oinarrituta dago.
Suarez-Llanosek onartu duenez, torturaren beldur diren herritarren portzentajeak ez du ezustean harrapatu. "Manifestazio batean segurtasun indarren tratu txarrak jasotzeko arriskurik ez dagoela uste ahal du norbaitek?", galdetu du.
Bozeramailearen arabera, protestetan ageri den "indarraren gehiegizko erabilera" "Espainian manifestazioak egiteko eskubidearen murrizketarekin batera" iritsi da, herritarren segurtasunerako legearen erreformari erreferentzia eginda.
Herritarren beldurra "telebistan edozeinek ikus dezakeen" polizia-abusuengatik azaldu du Suarez-Llanosek. Halaber, Espainian tortura ikertzeko "konpromiso eta borondate politiko eza" salatu ditu.
Gobernuek ez dute tortura serio hartzen
"Gobernuek ez dute tortura nazioarteko zuzenbidean krimena dela serio hartzen".
"Billy el Niñoren kasua horren adibide garbia da". Polizia ohiari 70eko hamarkadan torturak egitea egotzi diote eta Espainiak ez du Argentinara estraditatzeko baimenik eman, agintarien esanetan, delituaren epea iraungi egin delako.
Baina tortura "iraungitzen ez den nazioarteko zuzenbideko delitua da", esan du Suarez-Llanosek. Ali Aarrassen kasua era aipatu du, Marokotik Espainiara estraditatutako marokoarraren kasua. Farida Aarrass arrebaren arabera, Alik tortutak jasan ditu.