Gizartea -

XIX. edizioa

15.000 lagunetik gora, Euskal Eskola Publikoaren festan, Uharten

Nafarroan euskaraz bizitzeko eta ikasteko eskubidea aldarrikatu dute Uharten.

Uharte, gaur. Argazkia: EITB
Uharte, gaur. Argazkia: EITB
Jai giroa Uharten, Euskal Eskola Publikoaren festa dela eta

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Sortzenek 15.000 pertsonatik gora zenbatu ditu Euskal Eskola Publikoaren jaian, Uharten.

Jaiaz gain, Nafarroak euskaraz bizitzeko eta ikasteko eskubidea aldarrikatu dute.

Euskarari jarritako trabak gaindituz, D eredua hazten ari da Nafarroan, eta Sortzenen iritziz, "bide onetik" lanean ari direla erakusten du horrek.

Goizeko ekitaldiak "jendez gainezka" izan dira, antolatzaileen arabera, eta aparkaleku guztiak ere "topera" bete dira.

Aurreko urteetan bezala, goizean adierazpen bat irakurri dute antolatzaileek: "Baikoitzak bere gauzek bakarrik kezkatzen dutela dirudien garai hauetan, guk kontrakoa esan dezakegu".

"Gu gure txikien hezkuntzak kezkatzen gaitu. Oraina baino etorkizun hobea izatea nahi dugu. Eta kezka horrek batu gaitu. Ezberdintasunak alde batera utzi eta abian jarri gara", esan dute.

Hala ere, oraindik "bide luzea dugu aurretik, izan ere, beti baitago zer hobetu. D ereduaren kalitateari eutsi nahi badiogu, azken 20 urteetan bezala lan egiten jarraitu behar dugu".

Iaz, eguraldi txarra tarteko, jaia bertan behera utzi zuten. Eguraldi txarra izanez gero, Takonera parkean ez zuten egitura aproposik eta, hori dela eta, oraingoan festa Uhartera eramatea erabaki dute Sortzen elkarteko kideek. Gune berrian eguraldiak ez die oztoporik jarriko; izan ere, gune itxi bat izango dute eskura euria eginez gero.

"Uharte batean, Itsaso zabalean" goiburupean ospatu da gaurko jaia. Dena den, aldarrikapenerako tarterik ere izango da; hain zuzen ere, hezkuntza sistema propioa aldarrikatzea izango du helburu festak.

Festa 10:30ean lehertu da, eta hasteko Uharten D eredua ezartzeko lan egin duten pertsonak omendu dituzte.

Ekitaldiak

Antolakuntzak hamaika ekitaldi prestatu ditu, kontzertuak, tailerrak eta beste. 14:00etan bazkari herrikoia egin dute, eta ondoren Zirika Zirkus, Lubaki, Punki, Trikidantza eta Ziripot taldeen musikaz gozatzeko aukera izan dute.

Sortzenek Nafarroan duen koordinatzaileak, Gari Torregrosak, festaren arrakasta nabarmendu du.

10:30ean hasita

Goizeko 10:30ean eman diote hasiera festari,Tipu Piratak, festa honetako maskotak, egin die ongi etorria Uhartera hurbildu diren lehendabiziko haurrei, denak pirataz jantzita.

Parte-hartzaileek hiru gune dituzte: Hazitxo izenekoa, Arga ibaiaren ondoan, artisautsa postuak, globoflexia tailerra, txaranga, ardien triskilatzea eta haurrentzako rokodromoarekin; Txantxu izeneakoan, gazteentzako tailerrak eta kontzertuak daude, kirola eta dantza; eta Tipu izenekoa, eskolako plazan, txikienentzako ekitaldiekin.

500 pertsona baino gehiago aritu dira Andre Maria Zuriaren eskola publikoak antolatutako festa prestatzen. Eskolak 671 ikasle ditu.

Nobedadeak

Aurten, nobedade gisa, zozketa bat antolatu dute Uharteko artistek eta kirolariek emandako gaizekin, eta bizikletak uzteko aparkalekua ere jarri dute.

Autobus zerbitzuen maiztasuna handitu egin eta karabanentzat eta furgonetentzat aparkaleku berezia ezarri dute.

"Kalitatezko eskola publikoa"

Torregrosak azaldu duenez, "jende asko hurbiltzen ari da eta giro polita daukagu". Festaren bidez "kalitatezko eskola publikoa aldarrikatu nahi dugu, euskal eskola publikoa, euskara oinarritzat hartu eta ikasle eleanitzak sortzeko".

Helburu nagusia "hezkuntza sistema propioa izatea da, gure hezkuntza hemen erabakitzeko eskubidea daukagula uste dugulako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Eskola Publikoa albisteak