Gizartea -
Ekainaren 5erako
Lanbide Heziketarako azterketak ezohiko deialdia izango du ekainean
Ikasle batzuek salatutako maiatzaren 8ko probak balioduna izaten jarraituko du. Azterketa hura egin zutenei notarik altuena errespetatuko zaie.
Erredakzioa
Lanbide Heziketarako azterketak ezohiko deialdia izango du. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak, ikasle batzuek maiatzaren 8ko probaren aurka jarritako salaketaren ostean, ekainaren 5erako deituko ditu azterketa hura egin zutenak. Ikasle batzuek jarri zuten salaketa hori, probaren balizko filtrazioa eta matematikako proban egondako balizko irregulartasuna argudiatuz (ikasle horiek esan zutenez, ikasgai zerrendan ez zeuden galderak egon ziren azterketan). Maiatzaren 8ko proba egin zuten ikasleei bi deialditako batean lortutako notarik onena errespetatuko zaie, "ezohiko deialdian aurkeztu ala ez".
Larunbat honetan Cristina Uriartek zuzentzen duen Sailak jakinarazitako ebazpenaren arabera, Prestakuntza eta Ikasketa Zuzendaritzak "lehen unetik" esan zuen maiatzaren 8ko proba bertan behera utziko zuela salaketan esandakoa baieztatuta geratuz gero. Ikerketa egin ostean, "aurkeztutako salaketaren zinezkotasuna egiaztatzen duten ebidentziak ez dira azaldu"; hortaz, azterketak balioduna izaten jarraituko du, eta ez dute bertan behera utziko. Hezkuntza Sailak esan du, halaber, Matematikako probak "goi-mailako heziketa-zikloetan sartzeko probetako ebaluazioko erreferenteekin bat egiten du".
Dena dela, "prozesu hauetan nagusitu behar diren gardenaren abiaburua" eta "segurtasun juridiko beharrezkoa" kontuan izanik, ezohiko deialdia deitu dute, ekainaren 5erako, "azterketan parte hartu zuten pertsona guztien eskubideak errespetatzeko". Zati komuneko proba berri hau aurreko azterketa egin zuteneko tokietan egingo dute, eta hura egin zuten pertsona guztiak daude deituta. Hala ere, ez da derrigorrezkoa.
Prestakuntza eta Ikasketa Zuzendaritzak azaldu duenez, ezohiko deialdi honetan "azkartasunari eman diote lehentasuna", Heziketa-Zikloetan matrikulazioaren epea errespetatu behar da eta. Gainera, nabarmendu du ikertzen jarraituko dutela, salaketaren inguruko datu guztiak erabat argitu arte.