Gizartea -
Antimilitarismoa
Kuartelaren aurkako ohiko martxa egin dute Mungian
Parte-hartzaileen arabera, "murrizketek ez dute eraginik gastu militarretan; izan ere, horiei eutsi egin diete, eta ugaritu egiten dituzte". Hogeita bosgarren aldiz egin dute ekimena.
Erredakzioa
Bizkaiko zenbait talde antimilitaristak eta ekologistak, Bizilurrek, Ekologistak Martxanek, Kakitzatek eta Bilboko KEM-MOCek besteak beste, larunbat honetan egin dute Mungiako kuartelaren aurkako ohiko martxa. Hogeita bosgarren aldiz egin dute ekimena. Parte-hartzaileen arabera, "murrizketek ez dute eraginik gastu militarretan; izan ere, horiei eutsi egin diete, eta ugaritu egiten dituzte, era ezkutuan". "Krisiak ez die militarismoari eta gizarte-kontrolari eragiten; programa militar berriz, misilen aurkako babeski garestiz, edo armamentu berria erosteaz hitz egiten jarraitzen dute; hezkuntzan, osasunean, gizarte-zerbitzuetan edo ingurumenean, aldiz, murrizketak egiten dituzte".
Antolatzaileek esan dutenez, dozenaka ekintzailek porruak landatu dituzte kuartelaren sarreran. Horrela, ondorengoa nahi izan dute islatu: instalazio horrek okupatzen dituen lurrak porruak landatzeko berriro erabilita izateko nahia. "Gizarte-behar hori askoz beharrezkoagoa da, porruak balak eta bonba militarrak baino osasungarriagoak direlako"; kasko militar batetik irteten den lore erraldoi bat ere landatu dute, eta porruak eman dizkiete parte-hartzaileei, "Bota kuartelie ta erein porrue!" ohiukatuz.
Lau metroko altuera izan duen lorearekin eta porruekin kuarteletarako aldarrikatzen duten konbertsioa islatu nahi izan dute; oro har, gerra prestatzeko erabiltzen dituzten baliabideetarako (lurraldeak, dirua eta pertsonak) aldarrikatzen duten konbertsioa.
Parte hartu duten taldeek nabarmendu dutenez, "milioika lanpostu ari dira txikitzen, finantza-espekulazioak eragindako krisiaren ondorioz pobrezia eta gizarte-bazterketa areagotzen ari dira, eta estatuek eskubideak eta gizarte-konkistak ari dira murrizten, gizarte-arloko dirua gero eta txikiagoa egiten". Dena dela, murrizketa horiek ez dira gastu militarrera heltzen.