Gizartea -
Nafarroa
Elkarretaratzea Atarrabian, adingabearen aurkako sexu-erasoa salatzeko
Udaletxearen aurrean egin dute protesta, mugimendu feministek eta Udalak deituta. Beste adingabe bat atxilotu dute, ustez erasoarekin zerikusia duelakoan.
Erredakzioa
Atarrabian (Nafarroa) elkarretaratzea egin dute astelehen honetan, adingabe baten kontrako sexu-erasoa salatzeko. Udaletxearen aurrean egin dute protesta, mugimendu feministek eta Udalak deituta.
Izan ere, adingabe batek ustez igande goizaldean jasan zuen sexu-erasoa ikertzen ari da Foruzaingoa. Nafarroako Gobernuko iturriek jakinarazi dutenez, gertaera 01:30 inguruan jazo zen. Poliziak beste adingabe bat atxilotu du, ustez erasoarekin zerikusia duelakoan. Sexu-askatasunaren kontrako delitua egotzi diote eta, justizia aurrean agertu ondoren, tutoreen esku utzi dute.
Atarrabiako Udalak ustezko erasoa gaitzetsi du ohar batean, eta babesa eskaini die erasoa jasan omen duen adingabeari eta haren familiari. Udalak esan du bere esku dagoen guztia egingo duela ikerketa argitzeko. Horrelakoei aurre egiteko neurriak eta ekintzak bultzatzearen alde hitz egin du Udal Gobernuak.