Gizartea -

Irailaren 30 arte

Abian da hondartza denboraldia

Zenbait hondartzetan nabariak dira oraindik azken hilabeteetako denboraleek eragindako kalteak.

Gorlizko hondartza. Argazkia: EFE
Gorlizko hondartza. Argazkia: EFE
Abian da hondartza-denboraldia Bizkaian eta Donostian

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hondartza denboraldia igande honetan hasi da Bizkaian eta Donostian, eta irailaren 30 arte iraungo du. Gipuzkoan ekainaren 15ean emango diote hasiera ofiziala denboraldiari.

Bizkaian, Aldundiak 6,3 milioi euroko aurrekontua du hondartzen kudeaketarako. Horietatik 300.000 euro ezustekoetan erabiltzeko izango dira. Beste 2,4 milioi garbiketan, mantenuan eta konponketetan erabiltzeko dira, 2,34 milioi salbamendu eta sorosle lanetarako, 0,56 milioi zaintzarako eta milioi bat azpiegitura lanetarako, irisgarritasuna hobetzeko eta bestelako lanetarako.

Aurten 187 dutxa, 49 iturri, 728 edukiontzi, 618 plataforma, hankak garbitzeko 46 gune eta 1.800 metro urrezko pasabideetanjarri dituzte. Gainera, 11 hondartzetan haurrak jolasteko gune bereziak daude, eta 16 hondartzeran bizikletentzako aparkalekuak ere jarri dituzte.

Orotara, 152 sorosle izango dira. Egunero 87 sorosle izango dira lanean, Areetan, Ereaga, Arrigunaga, Gorrondatxe, Barinatxe, Arrietara-Atxabiribil, Muriola, Plentzia, Gorliz, Armintza, Bakio, Aritzatxu, Laidatxu, San Antonio, Toña,  Laida, Laga, Ea, Ogella, Isuntza, Karraspio eta Arrigorri.

Donostia

Donostian ere abian da hondartza denboraldia . Dena den, zerbitzu guztiak ez dira prest izango denboraldi hasiera honetan udaberriko itsas denboraleek eragindako kalteen ondorioz. Esaterako, Ondarretako eta Zurriolako kabinak itxita egongo dira beste hainbat egunetan.

Donostiako Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Ondarretako kabinak ekainaren 7rako irekitzea aurreikusten dute, eta, Zurriolakoak, berriz, hilaren 14rako.

Enbaten gainerako kalteak konpondu dituzte. Ondarretako hondartzan 15.000 metro kubiko hondar bota dute bolumenak orekatzeko. Zurriolako hondartzan, berriz, 300.000 metro kubiko hondar bota dute.

Surklariak eta bainulariak

Surflarien eta bainularien arteko bizikidetza hobetze aldera, Zurriolako hondartzaren ertzetan surflarientzako guneak egokitu dituzte. Erdialdea, berriz, bainularientzat izango da.

Donostiako hondartzetan 22 soroslek egingo dute lan: 7, Kontxan arituko dira; 4, Ondarretan; 9, Zurriolan, eta 2, Santa Klara uhartean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea