Gizartea -
Bizkaiko ikastolen jaia
Ikastolak finantzatzeko akordio bat aldarrikatu du Ibilaldiak
Balantze "oso positiboa" egin dute antolatzaileek. "Jende andana bildu da. Ez du euririk egin eta autobus ugari etorri dira", azaldu dute Seber Altube ikastolako ordezkariek.
Erredakzioa
Milaka lagun bildu dira igande honetan Gernikan Ibilaldiaz gozatzeko. Zentroak finantzatzeko akordio bat aldarrikatu du Bizkaiko ikastolen jaiak. Ikastolek euskararen egiten duten lana aintzat hartzea nahi dute antolatzaileek.
Ibilaldia urtero jendetsua izan ohi da, baina aurten aurreneko aldiz euskal eskola publikoaren jaiarekin (Balmaseda) bat egin du.
Euskararen sustapenean ikastolek duten garrantzia gogorarazi du Juan Carlos Gomez Ibilaldia Elkarteko presidenteak inaugurazioan. Ikastolen lana aintzat ez hartzea deitoratu du Gomezek. Horregatik, baldintza "berdinetan" lan egiteko "finantziazio akordio integral" bat eskatu du.
Bestalde, Ibilaldia antolatzeko lagundu duten pertsona guztiei eskerrak eman dizkie Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak.
Arantza Aurrekoetxea eta Olatz Garamendi Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza eta Zerbitzuen sailburuordeak, hurrenez hurren, Itxaso Atutxa Bizkaiko EAJren presidentea eta Andres Urrutia Euskaltzaindiako presidentea, besteak beste, bertan izan dira.
Jendetza
Antolatzaileek balantze "oso positiboa" egin dute eguerdian, baina hezkuntzaren bi jaiak batera ospatzeak Ibilaldiari publikoa kendu diola esatera ez dira ausartu.
"Jende andana bildu da. Ez du euririk egin eta autobus ugari etorri dira", azaldu dute Seber Altube ikastolako ordezkariek.
Ibilaldiaren ibilbideak 6,5 kilometroko luzera zuen eta, ibilbidea 10:00ak aldera zabaldu dute.
Partehartzaile batzuek Hodei Egiluz gogorarazteko elastikoak eraman dituzte. Galdakaoko gaztea Anberesen desagertu zen, urriaren 19an.
Antolatzaileek Labayruri eta Euskaltzaindiari omenaldiak egin dizkiete euskalkiak sustatzeko egindako lanagatik.
Seber Altube ikastolako ordezkariek Arrobia Elkarteko kideei lekukoa laga diete 2015eko Ibilaldia antolatzeko.