Gizartea -

Gerrikaitzeko Elizan, biluzik

Emakume baten argazkiek polemika sortu dute Munitibarko parrokian

Argazkiak Jose Angel Uberuaga argazkilariak egin zituen duela urtebete. Bilboko Apezpikutzaren hitzetan, argazkiak "sakrilegioak" dira eta bikarioaren baimenik gabe egin zituzten.

Emakume baten argazkiek polemika sortu dute Munitibarko parrokian. Argazkia: EiTB
Emakume baten argazkiek polemika sortu dute Munitibarko parrokian. Argazkia: EiTB
Jose Angel Uberuaga: 'Ez nuen halako zalapartarik sortu nahi'

0:00

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Munitibarko (Bizkaia) eliza batean, Gerrikaitzeko parrokiaren barruan, emakume bat biluzik azaltzen da polemikaren argazkietan. Bilboko Apezpikutzaren hitzetan, irudiak "sakrilegioak" dira eta parrokiako bikarioaren baimenik gabe egin zituzten.

Argazkiak Jose Angel Uberuaga argazkilariak egin zituen duela urtebete, eta bere webgunean argitaratu zituzten. Hala ere, Interneteko ataritik kendu dituzte dagoeneko.

Argazkiak "donausteak dira, emakumea modu iraingarrian azaltzen dute, fededunen kontzientzia iraintzen dute eta eskandalua sortu dute", ziurtatu du Gotzaintzak agiri batean.

Ekintza legalak

Era berean, "bikarioa jakinaren gainean ez" zegoela azaldu du Apezpikutzak. Gertakarien berri izan eta gero "ekintza legalak martxan jartzea ez du baztertu" erakundeak. Azkenik, Mario Iceta gotzainak Munitibar laster bisitatuko duela jakitera eman dute.

Bestalde, argazkilariari elizan irudiak hartzeko baimenik eman ez ziotela azaldu dute Apezpikutzako iturriek. Antza denez, Uberuagaren senitarteko batek argazkilariari parrokiaren giltzak utzi zizkion.

Uberuagak azalpenak eman ditu ETB-1eko 'Airean' saioan. "Ez nuen halako zalapartarik sortu nahi", adierazi du. Irudiak proba batzuk izan zirela azaldu du argazkilariak.

"Nire hanka-sartzea izan da", onartu du Uberuagak. "Barkamena eskatu eta nire ikuspuntua emateko" Icetarekin biltzeko prest agertu da.

"Irudiak gordeta nituen, hori uste nuen behintzat, baina norbaitek hartu eta zabaldu ditu", esan du. Bere amak giltzak utzi zizkiola azaldu du Uberuagak. "Amak disgustua hartu du", gaineratu du.

Alkatea

Patxi Artaetxebarria Munitibarko alkatearen ahotan, herrian "batzuk haserre eta beste batzuk pozik daude, polemika guztietan gertatzen den bezala".

Hala ere, "herrian irudiei inolako garrantzirik" eman ez dietela erantsi du alkateak. Elizaren haserrea ulertzen duela azaldu du agintariak: "Normala da bekatua dela esatea". "Nik ez daukat batere arazorik", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaurko albisteak Bizkaia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Argazkigintzako azken berriak Lea-Artibai Eliza Katolikoa albisteak