Gizartea -
EiTB Floridako espetxean
Pablo Ibar: 'Auzia galtzeak arima apurtuko lidake'
Florida estatuko espetxean heriotzara kondenatuta dauden 412 presoetatik euskal jatorriko bakarra da Ibar. Gorenaren ebazpenaren zain dago, "itxaropentsu", baina zuhur.
IKER GOMEZ / EITB.COM
Pablo Ibar, heriotza-zigorra jaso duen euskal preso bakarra, Floridako Auzitegi Gorenaren erabakiaren zain dago. "Beldur naiz irabaziko dudala sinistu eta, azkenean, auzia galtzearekin: horrek arima apurtuko lidake", esan du.
Mikel Reparaz EiTBko kazetaria Floridako kartzelan izan da, Pablo Ibarri elkarrizketa egiteko.
Florida estatuko espetxean heriotzara kondenatuta dauden 412 presoetatik euskal jatorriko bakarra da Ibar, eta Floridako Auzitegi gorenaren erabakiaren zain dago heriotzaren korridorean.
Ibar hiru lagun hiltzea leporatuta kondenatu zuten, baina bere aurkako froga bakarra dago: bideo-kamera batek hartutako irudi lausoa. Horregatik, Gorenak orain epaiketa errepikatu ala ez erabaki beharko du, datozen hilabeteotan.
Ebazpen horren zain, "itxaropentsu" baina zuhur azaldu da Ibar.
ETBk eskainitako elkarrizketan emandako informazioaren arabera, zazpi ate itxi dira kazetarien bizkarrean korridorera iritsi baino lehen; eskuak eta hankak katez lotuta dituela ekarri dute Pablo Ibar, galderak egin dizkioten lekura. Ibarrek esan du "egun guztiak berdinak" direla bere bizitzan.
14 urte eman ditu sei metro karratuko ziega batean; astean bi aldiz hiru ordu eman ditzake patioan.
Horrez gain, ‘60 Minutos’ berezia prestatu du ETBk ostegun honetarako, Pablo Ibarren auziaren inguruan.