Gizartea -
Felipe VI.aren proklamazioa
Monarkiaren kontrako manifestazioa deitu dute bihar Bilbon
EH Bildu, Ezker Anitza-IU, Podemos, Equo eta Iratzarri-EKI alderdiek parte hartuko dute, besteak beste, manifestazioan. Herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko prozesua irekitzea eskatuko dute.
Erredakzioa
EH Bildu, Ezker Anitza-IU, Podemos, Equo, Iratzarri-EKI eta beste hainbat alderdi errepublikarrek deituta monarkiaren kontrako manifestazioa egingo dute ostegun honetan Bilbon, hain zuzen ere, Felipe VI.a Espainiako errege proklamatuko duten egunean. "Monarkiari ez, hiritarrek erabaki" goiburupean egingo da manifestazioa, eta "herritarrek beren etorkizuna erabakitzeko prozesu demokratiko bat abiatzea" eskatuko dute deitzaileek.
Antolatzaileen iritziz, ekainaren 19a egun berezia da bilbotarrentzat, izan ere, "aurten errege berria inposatuko digute, eta 1937ko ekainaren 19an, berriz, tropa frankistek hartu zuten hiria".
Manifestazioa 20:00etan aterako da Bilboko Udalaren aurretik, eta antolatzaileek mobilizazio "anitza eta bateratua" izatea nahi dutenez, alderdietako ikurrak alboratu egingo dira.
Manifestazioaren amaieran komunikatu bat irakurriko dute. Bertan, Juan Carlos I.a erregeak abdikatu eta Felipe VI.a erregeak tronua hartuko duen testuingurua azalduko dute. Deitzaileen iritziz, "monarkiak zuen ospea galdu du, baita Juan Carlos I.a erregeak ere, eta instituzioari eusteko aldaketa bat egin beharrean izan dira".
"Espainia osoan egin diren manifestazioetan argi gelditu da proposamen errepublikarren eta demokraziaren garaia dela", nabarmendu dute.
Bestalde, ekainaren 19a zorigaiztoko eguna da bilbotarrentzat, deitzaileen arabera. "Tropa frankistek 1937ko ekainaren 19an Bilbo hartu zuten, eta era horretan ordura arteko errepublikarekin eta lehendabiziko Eusko Jaurlaritzarekin amaitu zuten", azaldu dute.
Europako hauteskundeetako emaitzen ondorioz hartu du Juan Carlos I.a erregeak abdikatzeko erabakia, deitzaileen arabera. "Espainiako bi alderdi nagusiek porrot egin dute eta horren aurrean koroak berritzeko erabakia hartu du; izan ere, ez daude ziur hurrengo udal hauteskundeen eta hauteskunde orokorren ondoren Ondorengotza Legea onartzeko gai izango liratekeen".
Erreferenduma deitzea eskatzen dute
Bestalde, monarkia frankismoak inposatu zuela eta inoiz ez dela bozkatu nabarmentzen dute deitzaileek. Hori dela eta, erreferenduma egitea eskatzen dute. "Herritarren % 75ek ez dute Konstituzio monarkikoaren gainean bozkatu. Subiranotasuna ez dago familia baten esku. Hori dela eta, erreferenduma egitea eskatzen dugu, herriak erabaki dezan. Ez gara mendekoak, erabaki nahi dugun hiritarrak baizik", gaineratu dute.