Politika -

Koroaren oinordetza

Juan Carlos erregeak gaur sinatuko du bere erregealdiaren amaiera

Errege Jauregian sinatuko du Senatuak atzo onartu zuen Abdikazio Legea, eta bihar hartuko du koroa Felipe Borboikoak.

Juan Carlos erregea. Argazkia: EFE
Juan Carlos erregea. Argazkia: EFE
Juan Carlos erregea. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Carlos erregeak bere erregealdiari amaiera emango dion eta koroa Felipe semearen esku utziko duen legea sinatuko du gaur Errege Jauregian, ostegunean semea errege izendatuko duten lekuan bertan, 1.500 bat gonbidaturen aurrean.

Gaurko ekitaldia 18:00etan izango da, Madrilgo jauregiko Zutabeen Aretoan, eta Juan Carlos erregeak estatuburu gisa egingo duen azken ekitaldia izango da. Erakundeetako 170 ordezkari inguru izango dira sinaduraren lekuko.

Aldarrikapena

Legea berretsi eta gero, Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dute ostegunean, 00:00etan. Orduan Felipe VI.a eta Leonor haren alaba Espainiako errege eta Asturiaseko printzesa izango dira, hurrenez hurren.

Ostegun goizean, Felipe VI.a errege aldarrikatuko dute Kongresuan, 700 senatari diputatu eta senatari, Gobernu, erkidegoetako presidente eta Gobernuko presidente ohien aurrean. Bertan izango da Iñigo Urkullu lehendakaria, baina Amaiurreko diputatuek ez dute ekitaldian parte hartuko.

Senatuaren onarpena

Juan Carlos erregearen Abdikazio Legea onartu zuen atzo Senatuak. 233 senatarik eman zioten babesa lege organikoari Senatuko osoko bilkura monografikoan. Horrela, Felipe VI.ak Juan Carlos erregearen lekua hartuko du.

233 senatarik (PP, PSOE, PSC, Foro Asturias eta UPN) eman zioten babesa legeari; bost ordezkarik (IU, ERC eta ICV) aurkako botoa eman zuten eta 20 abstentzio (CiU, EAJ eta CC) izan ziren. Ondorioz, senatarien % 90,3k babesa eman zioten legeari.

Aurretik, Senatuko gehiengo zabal batek hiru betoak atzera bota ziten. IUk, ERCk eta ICVk betoak aurkeztu zituzten.

Justizia, Enplegu, Osasun eta Hezkuntza ministroak saioan izan ziren, baina oposizioko talde gehienek Gobernuaren ordezkaritza eskasa zela kritikatu zuten. Exekutiboko kideren batek hitza ez hartu izana aurpegiratu zion Marcelino Iglesias senatari sozialistak Gobernuari.

PP

Jose Manuel Barreiro PPko bozeramaileak lege proiektua defendatu zuen. Alderdi Popularrak itun konstituzionalarekin eta monarkia parlamentarioekin duen konpromisoa berretsi zuen Barreirok. Konstituzioak araututako oinordetza prozesuaren baliagarritasun demokratikoa azpimarratu zuen PPko senatariak, eta baita Juan Carlos erregearen abdikazio "legitimoa" ere.

PSOE

Zentzu horretan, abdikazioaren normaltasuna goraipatu zuen Iglesiasek. Senatari sozialistaren ahotan, erregearen uko egitea "herri subiranotasunarekin ados" egiten den aurreneko aldia da. "Erregeak uko egitea eskatu eta erretiroa hartzeko herriaren baiezkoa jaso du", azaldu zuen. Hala ere, Konstituzioaren erreforma eskatzeko aprobetxatu zuen.

EAJ

Bestalde, erregearen "bat-bateko" abdikazioa kritikatu zuen Jokin Bildarratz EAJko bozeramaileak. Indar politiko guztiek adostutako eta herriak berretsitako Konstituzioaren erreforma eta Estatuaren eredu berri bat eskatu zituen Bildarratzek. Jeltzalearen esanetan, "legitimotasuna ez da heredatzen, irabazi beharra dago".

ERC

Felipe VI.ak Kataluniarekiko jarrera ezberdin bat izatea ez du espero Ester Capella ERCko senatariak. Nahiz eta norbaiti mina eman, azaroaren 9an "monarkia edo Kataluniako errepublika" aukeratzeko kontsulta egingo dela ziurtatu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Non dago errege emeritua? Espainiako Felipe VI.a argazkiak