Gizartea -
Hezkuntza
Murrizteko, gela bakoitzean ume gehiago izango da ELAren ustez
Sindikatuaren arabera, soilik Haur eta Lehen Hezkuntzan, 70 lanpostu eta ehunka plaza kendu dituzte.
ELA sindikatuaren arabera, Eusko Jaurlaritzak ume gehiago sartuko ditu gela bakoitzean, datorren ikasturterako Haur eta Lehen Hezkuntzako lanpostuak ezabatzeko.
Xabier Irastorza ELAko hezkuntza saileko arduradunak Bilbon jakinarazi duenez, indarrean dagoen arauak ikasle-gela ratioa %10ean handitzea babesten du bi kasutan: ikasleak ez duenean ikasturtea gainditzen eta behin ikasturtea hasita dagoenean eskolaratzen diren umeekin.
Sindikatuak salatu du Hezkuntza sailak egoera horiek "alboratu" egiten dituela eta "ikasle-gela ratioa kasu askotan igotzen ari dela %10ean. Horrela, ikastetxe bakoitzak gela gutxiago eskaintzen ditu eta lanpostu gutxiago eskaintzen dira".
Horrela, 2011an Espainiako Gobernuak ikasle-gela ratioa %20an igotzea proposatu zuen eta Eusko Jaurlaritza "aurka" azaldu zela adierazi du Irastorzak. Orain, "murrizketa irizpide bera erabiltzen ari dira, kasu askotan portzentaje hori baino gehiagotan".
Sindikatuaren arabera, soilik Haur eta Lehen Hezkuntzan, 70 lanpostu eta ehunka plaza kendu dituzte. Irastorzak jakinarazi duenez, murrizketa horiekin "hezkuntza publikoari eta bertako langileei kalte egiteaz gain, legearen aurkakoak" dira.
Eusko Jaurlaritzari "zuzentzeko" eskatu dio eta "murrizketak inposatzeari" uzteko, "hezkuntzak behar dituen errekurtso eta inbertsioak indartuz".