Gizartea -

Eustat

Denbora gehiago aisialdiari eta gutxiago lanari

Duela 20 urterekin alderatuz, EAEko biztanleek denbora gehiago eskaintzen diote beharrizan fisiologikoei, pertsonen zainketari, ibilbideak egiteari eta aisialdi aktiboari.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko 16 urteko gorako biztanleek duela 20 urte baino denbora gehiago eskaintzen diote beharrizan fisiologikoei, pertsonen zainketari, ibilbideak egiteari eta aisialdi aktiboari eta gutxiago etxeko lanei, bizitza sozialari eta, 2008tik, lanari eta formazioari. Horrela jakinarazi du Euskal Estatistika Institutuak, Denbora-aurrekontuen Inkestaren bitartez.

2008 urtearekin alderatuz, eboluzioak ordura arteko tendentziari eusten dio, baina bizitza sozialari eskainitako denbora berreskuratzen da (1993tik 2008ra jaisten joan zen) eta baita formazioari ere.

Etxeko lanei eta pertsonak etxean zaintzeari eskainitako denbora bere horretan mantentzen da. Hain zuzen ere, EAEko hiritarrek 11 ordu eta 56 minutu eskaintzen dizkie beharrizan fisiologikoei eta zainketa pertsonalari, 2008an baino 15 minutu gehiago.

Eustaten inkestaren arabera, jateko eskaintzen dugun denbora aldatu da 2008 urtearekin alderatuz. 14 minutu igo da etxean: etxetik kanpo, ordea, 42 minutuan mantentzen da.

Halere, etxetik kanpo bazkaltzen dutenek denbora gutxiago ematen dute (ordu bat eta 18 minutu) etxean bazkaltzen dutenek baino (ordu bat eta 28 minutu).

Lo egiteari 8 ordu eta 52 minutu eskaintzen diogu eta zainketa pertsonalari 48 minutu. Zainketa medikuari 3 minutu, Eustaten arabera, eta beste etxe batzuetara joaten, 5 minutu. Gainera, lanari eskainitako denbora 7 ordu eta 16 minutukoa da baina "nabarmen" jaitsi da lan egiten duen tasa.

EAEko hiritarren %93,8k denbora du aisialdi pasiborako (egunkaria irakurri, telebista edota ikuskizunak ikusi edo jokuetan aritu. 2008rekin alderatuz, %0,6 egin du gora, baina denbora mantendu da: 2 ordu eta 58 minutu.

Horrela, populazioaren %17,5k ordu bat eta 6 minutu eskaintzen dio "erlaxatzera, pentsatzera, ezer ez egitera": duela bost urte baino bost minutu gehiago.

Aisialdi aktiboari eskainitako denbora (kirola egitea, paseatzera, osterak egitea, Interneten aritzea, etab.) 2008an baino zazpi minutu gehiago da eta duela 20 urte baino 18 minutu gehiago.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Lana albisteak Gizartea Aisia