Gizartea -
Araba
Sute bat piztu da Izarra ikastetxe zahar abandonatuan
Suhiltzaileek zenbait talde bidali dituzte, eta, lau orduz lanean egon ostean, bertan jarraitzen dute sugarrak berriro piztu ez daitezen. Arabako Aldundiak atsekabez hartu du berria.
Erredakzioa
Sute batek zenbait kalte eragin ditu Izarran (Araba), bertako ikastetxe zahar abandonatuko eraikin nagusian. 1967an eraiki zuten Izarra ikastetxea, Euskadiko eta Estatuko elitea bertan hezteko asmoz.
Sua goizaldeko laurak aldera piztu da, orduan ke zutabe bat ikusi baitute, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Suhiltzaileek zenbait talde bidali dituzte, eta, lau orduz lanean egon ostean, bertan jarraitzen dute, sugarrak berriro piztu ez daitezen. Suaren jatorria ikertzen jarraituko dute orain suhiltzaileek.
Frankismo garaiko Euskadiko ikastetxerik elitistenaren instalazioetan izan den bigarren sutea da. Izan ere, 2011ko urtarrilaren 14an, sute handi batek pabilioietako bat eta haurren gunea kiskali baitzituen.
Izarra ikastetxea 60ko hamarkadan eraiki zuten, 150.000 metro koadro inguruko sail batean, Izarra herritik gertu. Lur eremuari "Arguitza" izena ipini zioten, eta dozena bat eraikin eta instalazio ditu.
Zenbait eskutatik igaro ostean, eta zenbait negozio-saiakera egin eta gero, gaur egun Arabako Diputazioa da instalazioen jabea.
Arabako Aldundiak galera deitoratu du
Arabako Foru Aldundiak eskola zaharreko instalazioen galera atsekabez hartu du, haren mantentze lanak eta segurtasuna bermatzen zituen enpresa baten eskaintza jaso baitzuten.
Javier Ruiz de Arbulo Arabako Tokiko Administrazio diputatuak azaldu duenez, "lastima" bat da eraikina osorik suntsitu izana, eta ondasun galera "oso garrantzitsua" izan dela adierazi du, Avilako enpresa batek eskaintza bat egin baitzuen zonaldea seguru mantendu eta instalazioak zaintzeko.
Gerra simulazioak antolatzen dituen Aisofftal Group enpresak duela hilabete inguru egin zion uko erosketari, inguruko Udalen eta EAJ eta EH Bildu alderdien aurkako iritziak ikusita.
Diputatuak gehitu duenez, ez dago eraikina berriro martxan jartzeko aukerarik, sei solairuak erortzen ari baitira. Kontrolatutako eraisketa eta zonaldea garbitzea izango dira hurrengo pausoak, Ruiz de Arbuloren aburuz.