Gizartea -
Epaia
81 urteko zigorra berretsi du Gorenak Bartzelonako ginekologoarentzat
24 emakumeri egin zizkien sexu-gehiegikeriak Sami Yasin ginekologoak. Ebazpenaren arabera, azterketak egiten zizkien bitartean, eta erizain laguntzailea falta zela gertatu ziren beti erasoak.
Erredakzioa
Auzitegi Gorenak berretsi egin du 81 urteko espetxe zigorra, 24 emakumeri sexu-gehiegikeriak egitea egotzita epaitu duten Sami Yasin ginekologoarentzat. 2003-2006 urte bitartean egin zituen sexu-gehiegikeriak, bere kontsultan, gaur kaleratu den ebazpenean jasota geratu denez. Gainera, 6.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio akusatuak emakume bakoitzari, eragindako kalte pertsonal eta moralengatik. Hala, Auzitegi Gorenak atzera bota ditu akusatuak, Kataluniako Osasun Institutuak eta aseguru-etxe pribatu batek jarritako helegiteak, eta berretsi egin du Bartzelona Auzitegi Nagusiaren epaia. Gorenak ezarritako aldaketa bakarra kaltetutako emakumeetako bati eman beharreko ordainsariari dagokio. Gainerakoan, epaia goitik behera berretsi du.
Ebazpenean jasotzen denez, akusatuak kontsulta pribatuan eta Bartzelonako osasun zentro publiko batean egin zuen lana 2003-2006 urte bitartean, eta bi lekuotan egin zituen sexu-gehiegikeriak. Pazienteei azterketak egiten zizkien bitartean, eta erizain laguntzailea falta zela egin zituen beti epaitu diren delituak. Ginekologoak "bere lanbidearen arau profesionalak" hautsi zituela dio epaiak, eta pazienteei egindako "manipulazioen" helburua "sexu gratifikazioa" lortzea zela jasotzen da idatzian. "Nagusikeria" ere egotzi dio epaiak akusatuari, lanbideak aitortzen zion posizio soziala erabilita, pazienteen "fede ona" eta "konfiantza" aprobetxatu zituelako sexu-gehiegikeriak egiteko.