Gizartea -
Omenaldia
German Rodriguezen familiak Argentinako justiziara eramango du kasua
Duela 36 urte tiroz hildako nafarra oroitu dute gaur Iruñan, eta ehunka pertsonak justizia eskatu dute, urte luzez zigorrik gabe egon ostean.
Erredakzioa
Ehunka pertsona bildu dira gaur German Rodriguez iruindarra omentzeko. 1978ko uztailaren 8an tiroz hil zuten Rodriguez, eta 36 urte zigorrik gabe igaro ostean, justizia eskatu dute; hori dela eta, senitartekoek Argentinako justiziara joko dute.
Ohorezko aurresku batekin hasi da ekitaldia, eta zenbait lore sorta utzi dituzte Rodriguezen omenezko hilarrian. Arratsaldean, Iruñako peñak bertan izango dira euren omenaldia egiteko.
Ekitaldian izan dira, besteak beste, Joseba Barandiaranen senitartekoak. Iruñan gertatu zena salatzeko hiru egun geroago Donostian izandako protestetan tirokatu zuten Barandiaran. Argentinako epaitegietan frankismoko krimenen inguruko "egia eta justizia" eskatzen duen euskal plataforma ere omenaldian izan da.
'San Fermin 78' plataformako kide batek adierazi duenez, kolektiboa bera, German Rodriguezen anaia bat eta 1978ko sanferminetan zauritutako zenbait pertsona auzi hori Argentinan ikertzearen alde agertu dira, "herriari duintasuna itzuli eta gertakari haien erantzuleak epailearen aurrera eramateko itxaropenarekin".
'San Fermin 78' plataformaren ustez, "Estatuak gatazka egoera berriak sortu dituen isiltasun itun bat inposatu du, eta gaur benetako demokrazian aurrera egiteko oztopoa da, gertatu zen guztia ezagutuz eta dagokion erantzukizunak hartuz soilik aurreratu baitaiteke".
Gertakari haietako biktimen senitartekoek bide beretik jo dute adierazpen batean. "Gertakarien benetako kontaketa bat dagoela onartu nahi ez dutenen atzean dago boterearen saiakera horiek ezkutatzeko", esan dute.
Denbora horretan "justiziak bere rola" jokatu duela adierazi dute, eta "inor" ez duela epaitegietara eraman".
"Gaur instituzioek hemen egon behar zuten, eragindako kaltea onartu, barkamena eskatu eta, posible den neurrian, biktimei ordaintzen saiatzeko. Horren ordez, baina, beste aldera begiratzen dute", adierazi dute, eta 'San Fermin 78' eta Iruñako peñei euren babesa eskertu diete, oroimena eta aldarrikapena bizirik mantentzeko.