Gizartea -
Uholdeak
Uholdeek kaltetutako Iparraldeko udalerriak, hondamendi eremu
Bestalde, lau milioitik gorako kaltea eragin zuten uholdeek Baztanen.
Erredakzioa
Gaur onartu ditu Frantziako Gobernuaren Ministroen Kontseiluak iragan ostiraleko uholdeetan kaltetutako euskal udalerriak hondamendi eremu izendatzea.
Etzi aztertuko du Paueko Kontseilu Nagusiak nola banatu diru-laguntzak, baina dagoeneko merkataritza eta industria ganbera eta laborari sindikatuak buru-belarri ari dira kaltetutakoei laguntzen. Azpimarratzekoa izaten ari da dena galdu dutenak laguntzeko hedatu den elkartasun sarea.
Hendaiatik Landetaraino ondartzek itxita segitzen dute Errobik Urdazurik eta Bidasoak botatakoen ondotik.
Lau milioi euroko kaltea Baztanen
Aurreko uztailaren 4ean Baztan jo zuten uholdeek lau milioi euroko kalteak eragin zituzten, hiru milioi herritarren ondarean, eta milioi bat azpiegituretan, Luis Aguilera Espainiako Barne Ministerioko idazkariordeak jakitera eman duenez.
Aguilera Nafarroa iparraldean izan da gaur, Javier Morras eta Jose Javier Esparza kontseilariekin eta Carmen Alba Espainiako Gobernuaren ordezkariarekin batera.
Aguilerak azpimarratu kaltetuek aparteko laguntzak eskatu izan ahalko dizkiotela Espainiako Gobernuari, eta horrek kalte-ordainak ordaintzeko izapideak bizkortuko dituela.
Gogora ekarri duenez, Madrilek legea aldatu zuen duela urte batzuk, eta gaur egun ezin da eremu katastrofiko izendatu, eta horren ordez laguntzak ematen dira.
Espainiako Gobernuaren laguntzak Nafarroako Gobernuarekin koordinatu behar dituzte, eta herritarrek jasandako kalteei daude zuzenduta batez ere.
Aguilerak azpimarratu du kaltetuek hilabeteko epea izango dutela laguntzak eskatzeko, eta formularioak berehala jarriko dituztela Udalen eskura.
Laguntza horiekin batera Aseguru-etxeen Partzuergoarenak egongo dira. "Aseguruak ordaintzen duenaren arabera, gainerakoa kaltearen konponketa osatzeko izango da", adierazi du Juan Diaz Cruz Babes Zibileko eta Ministerioko Larrialdien zuzendariak azaldu duenez.
Jose Javier Esparza Nekazaritza Garapenerako kontseilariak iragarri du Nafarroako Gobernuaren hurrengo bileran onartuko dituztela lehenengo laguntzak "lanak lehenbailehen hasteko"; zubietan, bideetan eta kaleren batean bereziki.