Gizartea -
Istripua
Autoan pasatu du gaua Sopuertako amildegi batetik erori ostean
59 urteko gizonezkoa bidetik atera zen atzo arratsaldean, eta lubeta batetik behera erori zen. Ez du zauri larririk. Gaur goizean aurkitu dute.
Erredakzioa
59 urteko Portugaleteko bizilagun batek autoan pasatu du gaua, atzo arratsaldean Sopuertako Beci auzoan istripua izan eta 50 metroko amildegi batetik behera erori ostean.
Gizonezkoa bakarrik zihoan Mercedes ibilgailuan, eta galtzadatik atera eta lubeta batetik erori zen BI-3611 errepidean. Ezin izan zuen autotik atera.
Biktimak gau osoa ibilgailu barruan igaro du, tenperatura baxua izan arren, ezin izan baitu bere kabuz bertatik atera. 11:20 inguruan, gizonezko batek aurkitu du, Segurtasun sailetik jakinarazi dutenez.
Larrialdi zerbitzuei deitu eta kontusioak eta zauri arinak baino ez zituen biktima autotik ateratzen saiatu da gizonezkoa, laguntza iritsi bitartean.
Suhiltzaileak istripua gertatu den lekura jaitsi dira eta biktima errepidera igo dute; handik, Barakaldoko Gurutzeta ospitalera eraman dute, zauriak artatzeko.
Erietxetik jakinarazi dutenez, biktimaren zauriak arinak dira, eta Larrialdietatik gela arrunt batera eraman dute errekuperazioarekin jarraitzeko.