Gizartea -
Gertakaria
Bi turista gazte zauritu dira Balearretan, hoteletan erorita
Horietako bat oso egoera larrian eraman dute ospitalera, eta bestea ez dago horren larri.
Erredakzioa
Bi turista atzerritar zauritu dira, eta bat oso egoera larrian dago, Cala Ratjadako (Mallorca) eta Playa d’en Bossako (Eivissa) hotel banatan erorita, 061 zerbitzuko iturriek jakitera eman dutenez.
Lehenengo gertakaria 03:25 aldera gertatu da, Cala Ratjadako hotelean. 20 urteko gizonezko bat 15 metroko altueratik behera erori da, eta oso kritiko eraman dute Son Espases ospitalera. Zaurituari bihotza geratu zaio une batez, baina suspertzea lortu dute.
04:10ean gertatu da beste ezbeharra. 22 urteko beste gizonezko bat erori da Eivissako hotel batean. Kasu honetan, zauritua ez dago horren larri.
Guardia Zibilak hartu du bi gertakariak ikertzeko ardura, eta badirudi alkohol kontsumoarekin dutela zerikusia.
Igandean Danimarkako 20 urteko gazte bat hil zen Magalufeko (Mallorca) hotel bateko laugarren solairutik erorita.