Gizartea -
Sutea Nafarroan
Uxueko sutea itzalitzat jo dute, kaltetutako gunea miatu ondoren
Nafarroako Larrialdi Agentziak itzalitzat jo du Uxueko sutea eta sei suhiltzailez osatutako taldea kenduko du gaur arratsaldean.
Erredakzioa
Nafarroako Larrialdi Agentziak itzalitzat jo du Uxueko sutea eta sei suhiltzailez osatutako taldea kenduko du gaur arratsaldean. Agentziako agintariek helikopteroz aztertu dute kaltetutako gunea, sutea itzalitzat eman aurretik.
Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi zuen atzo larunbatean ezarritako 2. larrialdi maila, eta, ondorioz, Espainiako Gobernuak sua itzaltzeko eskainitako laguntza erretiratu egin zuen.
Eguraldiak sua itzaltzeko lanak erraztu ditu, izan ere, haizeak iparraldera egin du eta tenperaturek ere behera egin dute.
Bigas gainean piztu zen sua, ostiral ilunabarrean. Guztira 900 hektarea erre dira, batez ere, basoak eta zereal sailak. 11 kilometroko eremua kaltetu da, baina sutea ez da herriguneetara iritsi. Uzta biltzeko makina baten txinpartak piztu zuen sua.